Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak ustiategietako ekoizpen-inbertsioak erraztu eta nekazari gazteen lehen instalazioa bultzatu nahi du, aurkeztutako eskabide guztiei erantzuna emanez. Horrez gain Aldundiak Gobernu Kontseiluaren bileran kalitatezko nekazaritzako hobekuntza, berrikuntza eta garapen teknologikoko proiektuetarako diru-laguntzen zenbatekoa onartu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak handitu egin ditu Bizkaiko Lurralde Historikoko nekazaritzako ustiategiei diru-laguntzak emateko aurrekontuko zuzkidurak. Hasierako dekretuko datuekin alderatuz gero, 2,5 milioi euroko gehikuntza onartu da. Ondorioz guztira 8.425,00 euroko zenbatekoa emango zaio lehen sektoreari.

Diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea amaituta, dekretuan jasota dagoenez 2010eko urtarrilaren 22an itxi baitzen horretarako epea, aurkeztutako eskabide guztiak aztertu ditu Foru Aldundiak. Eskabideak baloratuta, eta lehen sektorearen egoera kontuan hartuta, foru erakundeak eskabide guzti-guztiei baiezko erantzuna eman ahal izan die Ogasun eta Finantza Sailaren bidez. Diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen zituzten ustiategi guztiek, %100ek alegia, jaso dute laguntza-planari buruzko dekretuak baimendutako gehieneko zenbatekoa.

Aurrekontu mailako ahalegin berezi honi esker gure ustiategiak lehiakorrak izan daitezen eta egungo ekonomi egoerari aurre egin ahal diezaioten lortu nahi da. Laguntzek ustiategietako ekoizpen-inbertsioak erraztuko dituzte eta gazte nekazariek nekazaritzako ustiategi batean lehen instalazioa jar dezaten lagunduko dute.

Nekazaritza Sailaren helburu nagusietako bat da lehen sektoreko egituren modernizazioari heltzea, ustiategiak euren ekoizpen-gaitasuna merkatuaren beharrizanei ahalik eta ondoen egokitzen eta iraunkortasun ekonomikoa hobetzen joan daitezen.

Hobekuntza, berrikuntza eta garapena laguntzea

Aldundiak gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran ere kalitatezko nekazaritzako ekoizpenen hobekuntza, berrikuntza eta garapen teknologikoa laguntzeko neurrietarako diru-laguntzak onartu ditu, funtsean txakolin eta landare ekoizpenei dagozkienak.

Berrikuntzako, garapen teknologikoko eta teknologia berriak sartzeko proiektuetarako laguntzek guztira 51.770 euroko zenbatekoa izango dute. Lau kontzeptutan banatuta: