instagramFacebookTwitter

Haragia errentagarritasunik gabe ekoiztea sortzen ari den egoera larria dela eta, behi haragiaren sektoreko baserritarrek alerta oihua egin dute.

Euskal abeltzaintza sektorea familia ereduko baserriz osatuta dago, neurri txikikoak, eta lurralde osoan barreiaturik aurkitzen direnez, tresna ezin hobea dira lurralde beraren kudeaketarako eta ingurune naturalaren zaintzarako.

Bestalde, abeltzaintza sektoreak, hamarkadak daramatza kalitatezko ekoizpenaren alde eginez, eta honen bereizgarritasuna bultzatzen Euskal Okela AGB markaren bidez. Bide batez, kontuan izan behar da, Euskal Okela ezinbesteko tresna izan dela bertako produktuaren alde egin nahi duten erosleen leialtasuna eta babesa bilatzeko, eta honen bidez, haragiaren merkatuaren zati garrantzitsu bat bereganatzeko, bereizgarri gabeko merkatu orokorretik ezberdinduz.

Baina hau horrela izanik ere, abeltzainen ustetan, Euskal Okela bitartekari eta saltzaileentzat (distribuzioarentzat eta harategi tradizionalentzat) batik bat ari da probetxu ematen, baserritarrak ez baitira gai gurea bezalako mendi aldeko langintzek eta marka beraren ziurtapenak sortzen dituen gainkostuei aurre egiteko beharko lukeen prezio ezberdindu bat lortzeko.

Bereziki azken urte hauten, ekoizpen kostuen igoerak, kostuen eta jasotako prezioaren arteko arrakala areagotu dute, eta honek dakarren ondorio zuzena jarduerari uztea da. Jarraitzea erabakitzen dutenen kasuan, berriz, txahalak gizentzeari utzi eta behiekin soilik jarraitzea erabakitzen dute, oso deigarria izanik, gurea bezalako merkatu batean jaten den haragiaren %75 txahal haragia dela.

Esan bezala, baserrien galtzeak, harategien desagertzeak eta haragiaren katean lan egiten duten bitartekarien gutxitzeak, ekoizpena, txahal gizentzea batik bat, Harakai-Urkaiko kooperatibak soilik egitea dakar, eta salmenta, aldiz, Eroskin soilik kokatzea ekartzen ari dira. Azken batean, euskal gizarteak eta kontsumitzaileak nahi eta babesten duen kontrako eredu bat bultzatuz, lurraldean zehar banatuta lan egiten duten familia giroko baserriekin hain zuzen.

Guzti honegatik, EHNE eta ENBA euskal baserritar elkarteetako kideek, haragiaren katean traktore lana egin behar duten aipatutako eragileen erreakzio falta ikusita (Harakai-Urkaiko eta Eroski), eta ikusirik sektoreak bizi duen ito larri ekonomikoa, datorren egunetan bailaretan batzar informatiboak egitea erabaki dute, eta honekin batera, mobilizazio egutegi bat adostuko dute prezioak egokitzeko dagoen beharra ezagutarazteko, beti ere, sektoreak ezinbesteko duen jasangarritasunaren oinarriak finkatzeko.



Ehne, Enba eta Gebe elkarteok basoen benetako arazoari buruzko eztabaida serio eta urgentea eskatzen dugu: kudeaketa eza eta abandonua

Lehen sektorea kontuan hartu gabe, Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak basogintza mugatzen duten erregulazio berriei heltzea gaitzesten dugu

Ehne, Enba eta Gipuzkoako Baso Elkartea (GEBE) etsipenez eta frustrazioz jasotzen ari gara gure basoei buruz ematen ari den eztabaida politikoa, gehiegizko erregulaziozurrunbiloan murgilduta baitago, eta ez ditu jorratzen basoen biziraupena arriskuan jartzen duten arazoak. Horregatik, benetako arazoari buruzko eztabaida serio eta presazkoa eskatzen dugu: baso-kudeaketarako jartzen diren oztopoak eta ezbai politikoak eragin duten mendien abandonua. Basoak bertan behera uzte horrek ekartzen du gure ingurunea pobretzea eta zuhaitzak gaixotasunekiko ahulagoak izatea. Horrez gain, gure baso eta mendi asko sute handietarako aproposak diren erregai-biltegietan bihurtu dira.

Gure erakundeetako ehunka elkartekidek mendietan egiten duten lana aintzat ez hartzea ez da berria. Hala ere, oraingoan deigarria egin zaigu, parte-hartze prozesuen gorakada betean, ezustean aurkitu izana Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak asteazken honetan Eukalyptus generoko zuhaitzei eragiten dien ebazpen proposamen bat eztabaidatu eta bozkatuko duela.

Zehazki, Elkarrekin Podemos talde politikoak Gipuzkoan espezie horretako zuhaitzak landatzea aldi baterako debekatzea eskatu du. Baina horren aurretik, inork ez digu galdetu sektorea astintzen duten arazoei buruz. Horiek ez daude gai-zerrendan.

Enba, Ehne eta Gebe elkarteok kezka bera dugu: Gipuzkoako basoen % 16 baino gehiago inolako kudeaketarik gabe hazten ari dira, errealitate triste baten eraginpean, non ez dakigun zein zuhaitz, autoktonoak edo aloktonoak izan, gai izango diren datozen baldintza klimatikoetara hobeto egokitzeko eta bizirauteko. Eta kudeaketarik gabeko basoa gaixotasunak eta lehorte garaietako estres hidrikoa larriki jasan ditzakeen basoa da; balio gutxiagoko basoa, material eta erregai fosilen mende jartzen gaituena.

Hala ere, ikusten dugu eztabaida politikoa, errealitateak erabat gaindituta, beste ildo batetatik doala eta Gipuzkoan ia anekdotikoa den zuhaitz mota batean (% 1,3) zentratzen dela. Gogora arazi beharrean gaude, gure lurraldean beste espezie alternatibo batzuen alde egin dugula nagusiki pinudi gaixoak birlandatzeko garaian.

Horregatik, alderdi politiko guztiei gure basoak modu aktiboan kudeatzeko adostasuna lortzen saiatzeko eskatzen jarraituko dugu, baso-kudeaketa jasangarriko praktiketan oinarrituta; eta hori lortzeko, behar-beharrezkoa da basogintza sektoreko profesionalak eta arduradun publikoak elkarrekin lan egitea. Hil ala bizikoa da.

Urriaren 25ean, Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuaren izenean Iñaki Goenaga presidenteak eta ASG energia aholkularitza enpresaren izenean Koldo Albistegi gerenteak  hitzarmena sinatu zuten, ENBA nekazal sindikatuko bazkideei energia berriztagarrien alorrean aholkularitza integrala eskeintzeko asmoz.

Baserrian zein ustialekuan, ikuluan, upategian, negutegietan, nekazalturismo etxean, etb.  energia berriztagarriak ezartzeko interesa duen orok ASGren aholkularitza enpresaren zerbitzua jasoko du, baserri bakoitzaren beharrak eta baldintzak aztertu ostean, aurre-proiektu eta aurrekontu pertsonala eginaz eta, oneritzia izanez gero, ASG eta baserritarraren artean kontratua sinatu eta, proiektu eta aurrekontu definitiboak zehaztuz, energia berriztagarriak ezartzeko lan guztiak egingo lituzke ASG enpresak.

Baserrian eta ustialekuan beharrezko den energiaren efizientzia hobetzeko, kostuak murrizteko edota energia iturriak dibertsifikatzeko asmoz, ASG enpresak bere aholkularitza profesionala eskeiniko die baserritarrei energia berriztagarri ezberdinetan, hala nola, eguzki plakak, mini-eolikoa, aerotermikoa, geotermikoa, biomasa, ....

ENBA eta ASG artean sinatutako hitzarmenaren ondorioz, baserritarrak "giltza eskuan" moduko proiektua jasoko du, lanaz aparte, besteak beste, administrazio aurreko baimenak eta hain korapilatusak izaten diren, dirulaguntzen tramitazioa. Dena sartuko da kontratuan.

Interesa duen baserritarrak ENBAra jo beharko du (943.650123 / Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.) eta bertan azalduko zaie, hitzarmenaren arabera emango diren pausuak.

Informazioa:

- Gipuzkoako ENBA-ASG arteko hitzarmena.

- ASG enpresaren webgunea

1 - Gipuzkoako abeltzaintza sektorean Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoarengatiko (GHE) aparteko laguntzak plazaratu dira Gipuzkoako ALdizkari Ofizialean.
2 - Deialdiak bi konpentsazio lerro ditu: bata, animalien heriotzarako eta, bestea, gaixotasuna gainditutakoan ekoizpenean edo ugalketan izan dituzten ondorioetarako.
3 - Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza 15.000 eurokoa izango da.
4 - Dirulaguntzen programa 400.000 eurotako dirupartidarekin abiatzen da baina, ebazpenak onartu baino lehen, dirupartida haunditzeko aukera aurreikusten da. 

5 - Hildakoen abelburuen kopentsazio taula, laguntza lehen burutik hasita:

WhatsApp Image 2023 10 27 at 10.51.43

6 - Gaixotasunaren ondorioak konpentsatzeko laguntzen xehetasunak: Laguntza, 2023ko irailaren 1ean 10 abelburu baino gehiago dituzten ustiategiei emango zaie, baldin eta egiaztatzen badute albaitariaren laguntza jaso dutela GHEarekin bateragarria den sintomatologia tratatzeko. Laguntzaren zenbatekoa 150 eurokoa izango da albaitaritza errezeta bidezko tratamendua jaso duten behi bakoitzeko.

7- OSO KONTUAN IZAN BEHARREKOA: Laguntza jaso ahal izateko, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuari jakinarazi behar zaio ustiategian GHEaren sintomatologia bateragarria duen kasu bat gutxienez egotea.

8- Eskaerak eta dokumentazioa internet bidez aurkez daitezke, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik (https://egoitza.gipuzkoa.eus) , dirulaguntzen atarian; han egongo dira eskuragarri informazio guztia eta eskaera egiteko inprimakiak.
9 - Laguntza eskaerak 2023ko azaroaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, egun hau barne.


10 - INFORMAZIO OSOA: Gipuzkoako Aldizkaria Ofiziala (2023-10-27)

Gaurkoan, 2023-09-14,  BM supermerkatu katearen jokabidea salatzen dugu, azken urteetan enpresa pribatuetako esne markekin batera IFA taldeko ELIGES izeneko marka zuria eskeini ostean, orain, bere marka propioarekin esnea merkaturatzen erabaki du baina tamalez, bere burua "superlokala"tzat duen arren, bere lehen urratsa bertako EZ den esnearekin eman du.

Hain zuzen ere, bere inkoherentziak azpimarratzeko, BM "superlokala"tzat aurkeztu arren, Galizako esnea eskeintzen digu euskaldunoi eta hain zuzen ere, zoritxarrez, LACTALIS enpresa frantziarraren esnea hautatu du, hain zuzen ere, estatu mailan abeltzainei prezioak jesiten aintzindari den enpresa.

ENBAren ustean, BMk bere marka propioa merkaturatzea aukera ezinhobea zen bertakotasunaren aldeko apustua indartzeko baina ikusitako ikusita, argi dago, aukera galdua dela.

Gainbegiradara harpidetu

Subscribe

Idatzi zeure izena eta helbide elektronikoa GAINBEGIRADA jasotzeko.

Facebook

Instagram

Gora joan