instagramFacebookTwitter

Elikaduraren zartagia banaketa kateek dute heldulekutik hartuta eta ekoizpen-kostuen azpitik ekoiztera behartzen gaituzte.

Nekazal sindikatuek Elikagaien Kateari buruzko Legea berehala aplikatzea eskatzen dute, izan ere, kostuen azpitik elikagaiak ekoiztean oinarritutako kate hau jasanezina eta bidegabea da.

Behean sinatzen dugun nekazal sindikatuok protesta egin dugu banaketa-zentro honen aurrean (ALCAMPO, Oiartzunen), eta beste behin ere nabarmendu nahi dugu, lehen sektoreko profesionalek eta, bereziki, abeltzaintzako azpisektore guztiek bizi duten egoera oso larria dela. Era berean, Gobernu Zentralari exijitzen diogu berehala aplika dezan Elikagai Katearen lege eraberritua, horrela egungo egoera gainditzen lagun baitezake, jasanezina eta bidegabea baita kostuen azpitik elikagaiak ekoiztean oinarritutako kate hau.

Ekoizpen-kostuen igoera geldiezinak (% 30 inguru) sektore ekoizlea itotzea ekarri du, ekoizpen-kostuak katearen hurrengo kate-mailan ezin dituelako erantsi, eta horren guztiaren berehalako ondorioa likidezia-falta delako, eta horrek ekoizleok galeretan lan egitera garamatza.

Ekoizleok prezio baxuen politikan oinarritzen den elikadura sistema hau salatu nahi dugu, izan ere, katearen katebegi desberdinen arteko desorekak produkzio-kostuen azpitik ekoiztera kondenatzen du sektore ekoizlea, eta horrek, lehen sektorea uztera bultzatzen ditu baserritarrak.

Baserritarrok, elikagaien ekoizle garen aldetik, indarrean dagoen legeriak elikadura-politika gardenagoa, bidezkoagoa eta orekatuagoa babestea behar dugu, balioa sortzeko eta balioa maila guztien artean modu ekitatiboan banatzeko.

Horregatik guztiagatik, gaur egun banaketa zentro honen aurrean gaude, hauek baitira, katearen benetako nagusiak eta katearen maila guztietan beren joko-arauak ezartzen dituztenak. Aurrerantzean, zentro hauetan Elikagai Katearen Lege berrian jasotakoa betetzen ez duen elikagairik ez egotea exijitzen dugu, eta bereziki, ekoizpen-kostuen azpitik ekoitzi denik ez dugu onartuko, ezta galeretan saltzen denik ere.

ENBA-EHNE

2021-12-30

 

 

 

Nekazal sektoreak bizi duen egoera larriaren aurrean nekazal elkarte guztiek bat egin dugu Elikagai Katearen Legearen berehalako aplikazioa eskatuz eta mobilizazio bateratuen egutegia plazaratu dugu.

Behean sinatzen dugun nekazal elkarteok, agerraldi publikoa egiten dugu lehen sektoreko profesionalok bizi dugun egoera larriaren berri emateko, bereziki, abeltzain azpisektoreak, eta onartu berri den Elikagai Katearen legearen erreforma berehala aplika dezaten eskatzen diegu, batetik, Madrilgo Gobernuari eta bestetik, EAEko eta Nafarroako gobernuei.

Ekoizpen kostuen neurri gabeko igoera geldiezina (%30ren ingurukoa) ekoizleak itotzera iritsi da, hauek ez baitira gai katearen hurrengo katebegiari beren kostuak eransteko eta egoera horren isla da baserritarrak inputak ezin ordainduta dabiltzala, likidezia lortzeko azienda saldu beharra dutela askok, besteak baserriko aseguruak kentzen... Kasu guztietan, agerikoa da baserritarrak lanean arituta ere galerak dituela. Adibide argiena esne sektorea genuke, azken hilabeteotan, ekoizpen kostua litroko 0,005 euroan igo den arren, litroko kostua 0,40 eta 0,42 euroan dago eta abeltzainek litroko 0,35-0,37 bitartean jasotzen dute. Bestalde, Nekazaritzako Ministeritzaren Katearen behatokiak egindako azterketaren arabera, abeltzainek dituzten ekoizpen kostuak estali eta Elikagai Katearen Legea betez gero, azken kontsumitzailearentzako ezarri beharreko salneurria litroko 0,70 eurokoa beharko luke izan.

Hori dela eta, Gasteiz eta Iruñeako gobernuetatik emandako laguntza zuzenak oinarrizko neurrien bidez osatu beharko lirateke, Elikagai Katea gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa egiteko neurriak hartzea behar beharrezkoa baita. Elikagai Kateak, gure ustez, nekazal produktuentzako balio gehigarria sortu behar du, balio hori ahalik eta modurik bidezkoenean eta orekatuenean bana dadin katebegi guztien artean. Egungo Elikagai Katea, milaka ekoizle, ehundaka elikagai enpresa eta hamarnaka distribuzio katez osatua dago, eta hasieratik oinarria desorekatua da, eta ez hori bakarrik, bidegabekeriez haratago, oso ohikoak dira katebegi indartsuenen aldetik, distribuzioarengandik bereziki, botere gehiegikeria kasuak.

Onartu berri den Elikagai Katearen Legearen erreformak jasotzen duen potentziala aitortu arren, ekoizleen aldetik, legearen berehalako aplikazioa eskatzen dugu eta horretarako, Nekazaritzako Ministeritzak, Gasteiz eta Iruñeako gobernuekin batera, Legea garatu dezatela aldarrikatzen dugu, prezioen behatokiak abian jarriz eta ahalik eta gertuen eta gure ekoizpen sistemetara egokitutako azterketak egin ditzatela, erreferentzia hauek elikagai kontratu guztietan eta kooperatibetako salerosketetan kontuan har daitezen.

Bide batez, Ministeritzari eskatzen diogu jar ditzala abian industria eta distribuzioarentzako berezko ikuskaritzak, bizkortu ditzala isun prozedurak, eguneratu ditzala katearen azterketak eta bestalde, AICA bitartez, helburu bereko autonomietako erakundeekin batera, egin dezala, ofizioz, katebegi ezberdinen artean eman ohi diren galerako salmentak eta ekoizpen kostuak estaltzen ez dituzten kontratuen aurka.

Bestalde, nekazal elkarteok bai industriari bai distribuzioari Legea bete dezatela eskatzen diegu. Beren negozio helburuek, beti epe laburrekoak, ekoizpen sektorea suntsitzen ari dira eta ondorioz, bai beraien eta baita herritarren hornidura ere arriskuan jar dezakete. Jokabide hau, guztiz arbuiagarria da eta honenbestez, gure mobilizazioen jomugan jartzen ditu.

Elikagai katea gardena, justua eta orekatua baldin bada, jasangarriagoa izango da jendarte osoarentzat, baina bereziki kontsumitzaileentzat.

Azkenik, behean sinatzen dugun elkarteok, modu bateratuan eta datozen asteetarako, EAE eta NFE zehar antolatutako mobilizazioen egutegia plazaratzen dugu:

 

 

  • Nafarroa. Abenduak 28, asteartea, merkatalgune baten aurrean.

  • Araba. Abenduak 29, asteazkena, erakunde baten aurrean.

  • Gipuzkoa. Abenduak 30, osteguna, merkatalgune baten aurrean.

  • Bizkaia. Urtarrilak 18, asteartea, merkatalgune baten aurrean.

 

Datozen egunetan, ekitaldi bakoitzaren deialdia kaleratuko dugu, ekimen bakoitzaren xehetasun guztiak azalduz.

 

 

Araba (UAGA), Bizkaia (EHNE-EHNE), Gipuzkoa (EHNE-ENBA), Nafarroa (UAGN-EHNE)

2021-12-21

Elikagaien Katearen Legea Kongresuan gaur onartu ostean

ENBAk Gobernu Zentralari exijitzen dio ikuslearen papera utzi, eta har dezala aktore protagonistaren papera.

ENBA nekazal elkarteak bere eszeptizismoa plazaratu nahi du, gaur goizean Diputatuen Kongresuan behin betiko onartu den Elikagaien Katearen legearen erreformaren aurrean, legeak izan ditzazkeen aldeko puntuek, beren aplikazioan Gobernu Zentralaren jarrera proaktiboa behar duela jabetuta.

Gaur onartutako Legeak, itxaropenerako leihoa zabaltzen duten puntu eta nobedade positiboak ditu, batez ere, elikagaien katea berrorekatzeko garaian bai eta, bereziki, elikagaien kateko katebegi ahulena, hau da, ekoizlea, babesteko helburuan.

Galerako salmenta debekatzea eta elikagaien salerosketarako kontratoean, legez, ekoizpen kostuak estaliko direla bermatzea dira, gure ustean, Legearen gakoak.

Hori bai, ez dugu inozoak izan nahi eta horrexegatik diogu, legearen aplikazioak Gobernu Zentralak bere pasotismoa alboan utzi eta aktibismoa bereganatu behar duela, bereziki, egunerokoan elikagaien katean ohikoak diren galerako salmenten aurrean, elikagaien katearen funtzionamendurako kontrolerako duen AICA agentzian bere kabuzko urratsak emanaz.

Bestalde, ezinbestekoa da Gobernu Zentralak orain arte agertu duen pasotismoa alboan utzi eta elikagaien kate barnean bizi den gudaren aurrean, ikusle hutsa izatetik protagonistaren papera hartzea eta katea berrorekatzeko jarrera proaktiboa agertu, botere gehiegikeriak ekidinez eta horretarako ezinbestekoa da, Frantziako ereduari jarraituz, erreferentzizko ekoizpen kostuak eta salmentako gutxieneko salneurriak finkatzea.

Azkenik, ENBAtik, Estatu osorako baliagarriak izango diren errefentziak lehenbaitlehen onartzea espero dugu baina ahaztu gabe, ekoizpen errealitatera hobeto egokitzeko, neurri berean, autonomia edo gertuagoko erreferentziak bideratu behar direla.

ENBA / 2021-12-02

ENBAk, ekoizpen kostuak estaltzen EZ duten kontratuak EZ sinatzea aholkatzen die artzainei

ENBA nekazal sindikatuak, abeltzain azpisektore ezberdinetan ekoizpen kostuek izandako igoera aztertu ostean, eta gaurkoan, ardi sektoreari dagokionean, abereen elikadurak izaniko igoera gehi argindarrak jasandokoa, ardi esnea jasotzen duten gaztandegi industrialeengana jotzen dugu ardi esnearen prezioa, iazkoarekin alderatuta, %10ean igo behar dela planteatuz eta honenbestez, artzainei aholkatzen die kontratua sinatu aurretik baldintza guztiak ondo aztertu eta prezioa negoziatzean kontuan izan dezatela, Legearen arabera, legez kanpokoa dela, ekoizpen kostuak estaltzen ez dituen kontratua sinatzea.

Aziendaren elikadura, bataz bestekoan %20-25ean igo da eta kontuan izanik, elikadura ekoizpen kostuen %33a suposatzen duela, uste dugu, elikadurari argindarraren gainkostua gehituz, zeharo justifikatuta dagoela artzainak jasotzen duen prezioa %10ean igotzea.

Bestalde, uste dugu, igoera hau, arkumeetan ere isladatu behar dela, bai ekoizpen kostuengatik bai merkatuan dagoen arkume eskaxiarengatik.

Hori bai, azkenik, dei egiten diegu distribuzio kateei, Eguberri inguruko beherantzako eskeintza bitartez merkatua ondora ez dezaten eta bestetik, bertako arkumearen kontsumoa susta dezaten, beti ere, produktua balioan jartzeko aproposak diren salneurriekin. Bide beretik, distribuzioari dei egiten diegu, bertako gazta erosterakoan, bereziki Idiazabal gazta, kontuan izan dezala artzain gaztagileek jasan eta jasaten ari diren ekoizpen kostuen gorakada.

ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna)

 

Azken hilabeteetan etengabe salatzen ari gara abeltzaintzan ditugun kostuen prezioaren igoera jasaten ari garela. Aurrez esnetako behien sektorean gertatzen ari dena azaldu dugu, baina larritasunean maila berean dagoen haragiaren sektorea ere mahai gainean jarri nahi dugu. Kostuen prezioa disparatzeak eta gure produktuengatik ordaintzen zaiguna erabat izoztuta egoteak eragiten du itolarria sektorean.

Kasu batzuetan kontsumitzaileak ordaintzen duena eguneratu beharrean dago, eta bide batez, bitartekarien kostuak murriztu eta marjinak estutu beharko dituzte, baserritarrari bere lana modu duinean ordaindu nahi bazaio, eta horretarako, ezinbestekoa da, okelaren kateko partaide guztiek baserritarrok bizi dugun egoeraren larritasunaz jabetzea eta egoerari irtenbideak aurkitzeko elkarlana jorratzea.

Baserritarrok jarduera honetatik errentarik lortzen ez badugu, alferrik dira behiak eta txahal pasteroak, okelaren zikloa bere osotasunean begiratu behar delako, baita irtenbideak ere. Hau da, okelaren ziklo osorako planteatu behar dira irtenbideak, izan ere, egoerak horrela jarraitzen badu, jarduera deagertuko da gure ingurumenean sortzen duen onura berekin eramanez, eta zer esanik ez, biodibertsitateari eragingo liokeen kalteaz, izan ere, bertako arrazen mantentzeak ez bailuke etorkizunik.

Bertako haragiarekin funtzionatzen duten guztiei dei egin nahi diegu, eta adierazi, dagoeneko txahal haragiaren kanal/kiloko 50 xentimoko gainkostua dugula baserritarrok. Elikadura Katearen Legeak ezartzen duenaren arabera, produktua ekoiztea kostatzen dena baino gutxiago ordaintzea ez da legala.

Datu horiek kontuan hartuta, baserritarron etorkizunarekin konprometituta daudela dioten eragile guztiei, baserritarroi, ekoizten dugun haragiaren prezioagatik ordaintzen zaiguna modu duinean ordaintzeko bidea egin dezatela exijitzen diegu, beti ere, kostuz gainetik eta etorkizuna izateko irabaziak bermatuz.

Tokiko elikadura izango da etorkizuneko jendartearen biziraupena bermatuko duen gakoa, beraz, ezin dugu baserririk ez jarduerarik desagertzen utzi.

 

2021-10-07

Gainbegiradara harpidetu

Subscribe

Idatzi zeure izena eta helbide elektronikoa GAINBEGIRADA jasotzeko.

Facebook

Instagram

Gora joan