Haragia errentagarritasunik gabe ekoiztea sortzen ari den egoera larria dela eta, behi haragiaren sektoreko baserritarrek alerta oihua egin dute.

Euskal abeltzaintza sektorea familia ereduko baserriz osatuta dago, neurri txikikoak, eta lurralde osoan barreiaturik aurkitzen direnez, tresna ezin hobea dira lurralde beraren kudeaketarako eta ingurune naturalaren zaintzarako.

Bestalde, abeltzaintza sektoreak, hamarkadak daramatza kalitatezko ekoizpenaren alde eginez, eta honen bereizgarritasuna bultzatzen Euskal Okela AGB markaren bidez. Bide batez, kontuan izan behar da, Euskal Okela ezinbesteko tresna izan dela bertako produktuaren alde egin nahi duten erosleen leialtasuna eta babesa bilatzeko, eta honen bidez, haragiaren merkatuaren zati garrantzitsu bat bereganatzeko, bereizgarri gabeko merkatu orokorretik ezberdinduz.

Baina hau horrela izanik ere, abeltzainen ustetan, Euskal Okela bitartekari eta saltzaileentzat (distribuzioarentzat eta harategi tradizionalentzat) batik bat ari da probetxu ematen, baserritarrak ez baitira gai gurea bezalako mendi aldeko langintzek eta marka beraren ziurtapenak sortzen dituen gainkostuei aurre egiteko beharko lukeen prezio ezberdindu bat lortzeko.

Bereziki azken urte hauten, ekoizpen kostuen igoerak, kostuen eta jasotako prezioaren arteko arrakala areagotu dute, eta honek dakarren ondorio zuzena jarduerari uztea da. Jarraitzea erabakitzen dutenen kasuan, berriz, txahalak gizentzeari utzi eta behiekin soilik jarraitzea erabakitzen dute, oso deigarria izanik, gurea bezalako merkatu batean jaten den haragiaren %75 txahal haragia dela.

Esan bezala, baserrien galtzeak, harategien desagertzeak eta haragiaren katean lan egiten duten bitartekarien gutxitzeak, ekoizpena, txahal gizentzea batik bat, Harakai-Urkaiko kooperatibak soilik egitea dakar, eta salmenta, aldiz, Eroskin soilik kokatzea ekartzen ari dira. Azken batean, euskal gizarteak eta kontsumitzaileak nahi eta babesten duen kontrako eredu bat bultzatuz, lurraldean zehar banatuta lan egiten duten familia giroko baserriekin hain zuzen.

Guzti honegatik, EHNE eta ENBA euskal baserritar elkarteetako kideek, haragiaren katean traktore lana egin behar duten aipatutako eragileen erreakzio falta ikusita (Harakai-Urkaiko eta Eroski), eta ikusirik sektoreak bizi duen ito larri ekonomikoa, datorren egunetan bailaretan batzar informatiboak egitea erabaki dute, eta honekin batera, mobilizazio egutegi bat adostuko dute prezioak egokitzeko dagoen beharra ezagutarazteko, beti ere, sektoreak ezinbesteko duen jasangarritasunaren oinarriak finkatzeko.