Azkenaldian sarritan entzun dugu bertako produktuaren aldeko apustua egin dutela hainbat saltokik, horien artean dago Eroski. Zoriontzekoa da bertako haragiaren alde egitea, ez horrenbeste marketing tresna gisa erabiltzea.
Baserritarrok ditugun marjen estuak kontuan hartuta, kalitateari ematen diogun garrantziak, ekoizpen arau zorrotzak… gure haragia marketing tresna gisa erabiltzen denean, gure lana hutsaren pare gelditzeko arriskuan jartzen dute. Honekin ez dugu esan nahi kontsumitzaileei aurrezteko aukera eskaintzea kaltegarria denik, gure haragiari zor zaion tartea eskaini behar zaiola aldarrikatu nahi dugu, besterik ez.

Kontsumitzaileak ez ditzaten erabili eskatu nahi dugu. Maiz ikusten baitugu marketingaren bidez egi erdiak esaten direla eta ez dugu nahi gure haragia erabiltzerik kontsumitzaileak nahasteko, gure produktuen atzean gure lurrari lotutako lana dagoelako, gure ingurumena zaintzeko erabakia, kalitatezkoak eta osasuntsuak diren produktuak ekoizteko konpromisoa.
Kontsumo arduratsua sustatu beharra dago. Zer erosten dugun eta erosketa horrekin zer sustatzen dugun badakien pertsonak behar ditugu, ez soilik otarrak betetzen dituztenak. Produktu bat erosteak edo beste bat erosteak zein eragin duen ohartu behar gara, are eta gehiago, behi haragiaren sektorea edo behi esnearena jasaten ari diren egoera larria kontuan hartuta. Ingurumenari garrantzia ematen badiogu, erosten ditugun produktuei ere eman behar diogu, haien atzean egiteko modu bat, kalitatearen aldeko apustu bat, gure lurra zaintzeko konpromisoa, eta besteak beste, gure herrietako ekonomia mantentzeko lana baitago.