ENBAk, ekoizpen kostuak estaltzen EZ duten kontratuak EZ sinatzea aholkatzen die artzainei
ENBA nekazal sindikatuak, abeltzain azpisektore ezberdinetan ekoizpen kostuek izandako igoera aztertu ostean, eta gaurkoan, ardi sektoreari dagokionean, abereen elikadurak izaniko igoera gehi argindarrak jasandokoa, ardi esnea jasotzen duten gaztandegi industrialeengana jotzen dugu ardi esnearen prezioa, iazkoarekin alderatuta, %10ean igo behar dela planteatuz eta honenbestez, artzainei aholkatzen die kontratua sinatu aurretik baldintza guztiak ondo aztertu eta prezioa negoziatzean kontuan izan dezatela, Legearen arabera, legez kanpokoa dela, ekoizpen kostuak estaltzen ez dituen kontratua sinatzea.
Aziendaren elikadura, bataz bestekoan %20-25ean igo da eta kontuan izanik, elikadura ekoizpen kostuen %33a suposatzen duela, uste dugu, elikadurari argindarraren gainkostua gehituz, zeharo justifikatuta dagoela artzainak jasotzen duen prezioa %10ean igotzea.
Bestalde, uste dugu, igoera hau, arkumeetan ere isladatu behar dela, bai ekoizpen kostuengatik bai merkatuan dagoen arkume eskaxiarengatik.
Hori bai, azkenik, dei egiten diegu distribuzio kateei, Eguberri inguruko beherantzako eskeintza bitartez merkatua ondora ez dezaten eta bestetik, bertako arkumearen kontsumoa susta dezaten, beti ere, produktua balioan jartzeko aproposak diren salneurriekin. Bide beretik, distribuzioari dei egiten diegu, bertako gazta erosterakoan, bereziki Idiazabal gazta, kontuan izan dezala artzain gaztagileek jasan eta jasaten ari diren ekoizpen kostuen gorakada.
ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna)
Azken hilabeteetan etengabe salatzen ari gara abeltzaintzan ditugun kostuen prezioaren igoera jasaten ari garela. Aurrez esnetako behien sektorean gertatzen ari dena azaldu dugu, baina larritasunean maila berean dagoen haragiaren sektorea ere mahai gainean jarri nahi dugu. Kostuen prezioa disparatzeak eta gure produktuengatik ordaintzen zaiguna erabat izoztuta egoteak eragiten du itolarria sektorean.
Kasu batzuetan kontsumitzaileak ordaintzen duena eguneratu beharrean dago, eta bide batez, bitartekarien kostuak murriztu eta marjinak estutu beharko dituzte, baserritarrari bere lana modu duinean ordaindu nahi bazaio, eta horretarako, ezinbestekoa da, okelaren kateko partaide guztiek baserritarrok bizi dugun egoeraren larritasunaz jabetzea eta egoerari irtenbideak aurkitzeko elkarlana jorratzea.
Baserritarrok jarduera honetatik errentarik lortzen ez badugu, alferrik dira behiak eta txahal pasteroak, okelaren zikloa bere osotasunean begiratu behar delako, baita irtenbideak ere. Hau da, okelaren ziklo osorako planteatu behar dira irtenbideak, izan ere, egoerak horrela jarraitzen badu, jarduera deagertuko da gure ingurumenean sortzen duen onura berekin eramanez, eta zer esanik ez, biodibertsitateari eragingo liokeen kalteaz, izan ere, bertako arrazen mantentzeak ez bailuke etorkizunik.
Bertako haragiarekin funtzionatzen duten guztiei dei egin nahi diegu, eta adierazi, dagoeneko txahal haragiaren kanal/kiloko 50 xentimoko gainkostua dugula baserritarrok. Elikadura Katearen Legeak ezartzen duenaren arabera, produktua ekoiztea kostatzen dena baino gutxiago ordaintzea ez da legala.
Datu horiek kontuan hartuta, baserritarron etorkizunarekin konprometituta daudela dioten eragile guztiei, baserritarroi, ekoizten dugun haragiaren prezioagatik ordaintzen zaiguna modu duinean ordaintzeko bidea egin dezatela exijitzen diegu, beti ere, kostuz gainetik eta etorkizuna izateko irabaziak bermatuz.
Tokiko elikadura izango da etorkizuneko jendartearen biziraupena bermatuko duen gakoa, beraz, ezin dugu baserririk ez jarduerarik desagertzen utzi.
2021-10-07
Abian da BASERRITARRON LAGUNA Sariaren 5. Edizioa
ENBAk dei egiten die gipuzkoar guztieri baserritarren alde lanegiten dutenen izenak eman ditzaten
Gipuzkoako ENBA nekazal elkarteak 2013 urtean BASERRITARRON LAGUNA saria eratzea erabaki zuen eta bere lehen edizioan, Jaime Zubia Zinkunegirentzat izan zen saria eta bigarrenean, 2015 urtekoa, AMAMA zinema filmarentzat, 2017an ETBko SUSTRAI saioarentzat eta 2019an Nikolas Segurola fraidearentzat. Orain, 5. Edizioa jartzen dugu abian eta izenak proposatzeko epea zabaldu dugu urriaren 16 arte.
Sariaren helburua bere eguneroko jardunarekin baserriaren alde lanegiten duen persona, elkarte, entitate, komunikabide, etb-en lana aitortu eta gure eskerrona agertzea da.
Baserria, baserritarra eta baserriko elikagaiak gizartearen aurrean goraipatzea, zabaltzea eta aldarrikatzea izango da kontuan sariduna hautatzean eta honenbestez, orain, gipuzkoarrei dagokie izenak proposatzea eta urriak 16 baino lehen guri helaraztea (Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.) eta 2022ko Urtarrilaren 30ean ospatuko den ENBAren batzarrean banatuko da.
Idatzi honekin batera bidaltzen ditugu 2021ko BASERRITARRON LAGUNA Sariaren instrukzioak eta egutegia.
ENBA nekazal sindikatuak, bere haserrea eta atsekabea agertzen du gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduaren aurrean non otsoa babes bereziko espezieen zerrendan sartzen den.
2020ko martxoaren 13an argitaratutako Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua zen Iñaki Arriola sailburuak sinatutako arauaren bitartez otsoa Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa aldatu eta otsoa (Canis lupus) «Interes Bereziko» espeziearen kategorian sartu zuen.
Geroztik, 2021Eko otsailaren 4an Transitzio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministeritzako Natura Ondarearen batzordeak, otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzea erabaki zuen, otsoaren populazioaren %95a baino gehiago ordezkatzen duten elkargo autonomoen ordezkariek aurka bozkatu arren.
Gaur, Irailak 21, otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzeko agindua argitaratzen da eta honen ondorioz, otsoa ehizatzeko debekua estatu osora zabaltzen da, erabakiak dituen ondorio guztiekin.
Erabakiarekin balitz Euskadiko abelzaintza estentsiboarengan ondorioak larriak eta berehalakoak izango dira, otsoen populazioa areagotuko litzakeelako gure mugakide diren elkargo autonomoetan eta honenbestez, Euskadin otso populazioak sartu eta egonkortzeko arriskua areagotuko genuke, eta honek, ondorio larriak ditu, bai gure mendiko abelzaintza estentsiborako bai ardi latxa bezalako arraza autoktonorako, babestu nahi diren mendiko larretokiak bezalako habitatak eta azkenik, gure gastronomia kulturararen zutabetariko bat den Idiazabal gaztarentzat.
Une honetan, azienda (ardiak, behiak, behorrak, pottokak, …) mendian kudeatzen dugun abeltzainok, kezkatuta eta beldurtuta gaude otsoaren zabalkundearen aurrean orain arte bizitu dugun maneju estentsiboaren amaiera suposa dezakeelako eta honenbestez, erabakiaren aurrean, Teresa Ribera ministraren dimisioa exijitzen dugu.
Otsoa ez dago arriskuan, tamalez, mendiko abeltzaintza bai.
ENBA / 2021-09-21
Iñaki Goenaga: “Baserritar profesionalok argi izan behar dugu, laguntzaz haratago, merkatura gehiago begiratu behar dugula baina horretarako, elikagai katea orekatzeko neurriak hartu behar dira”
Gaur goizean, Urnietako salesiarren ikastetxean ospatu da ENBAren 30 urteurrenaren ekitaldia eta bertan elkartu dira, baserritarrak, herri agintariak (Urnietako alkatea, Gipuzkoako nekazaritzako foru diputatua eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzarako sailburua) eta ENBAren lagunak.
Ekitaldiaren ardatza, une honetan negoziatzen ari den Europako Nekazal Politika izan da eta gaia jorratzeko, besteak beste, ASAJAko nazioarteko gaietarako zuzendaria den Ignacio López-Asenjoren hitzaldia eta ondorengo mahaingurua izan dira.
Ekitaldia ixterakoan, Gipuzkoako ENBAko presidentea den Iñaki Goenagak, gaurko ekitaldirako aukeratutako leloarekin bat egin du, “30 urte, baserritar profesionalak babesten” eta bere esanetan, Europatik datozen diruak gutxitzen ari denean, ezinbestekoa da, lehentasunak argi finkatzea eta bere ustean, modu profesionalean lanegiten duen familia nekaritza da babestu beharrekoa.
Bestalde, Goenagaren esanetan, Europatik datozen diruak gutxitzen doazen neurrian, gure herriak, Euskadik, lehen sektorearen aldeko apustua berrindartu behar du eta euskal gizarterako hain estimatuak diren elikadura eta ingurumena kudeatzen duten baserritarren aldeko politika publikoak sendotu. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi da, aitortu du Goenagak.
Azkenik, Europako nekazal politika dela eta, laguntzen norabidea eta zenbatekoaz eztabaida puri-purian dugunean, Iñaki Goenagaren esanetan, gure ahalegin nagusiak, dirusarrerak merkatutik lortzera bideratu beharko genituzke eta horretarako, ezinbestekotzat jo du, elikagaien kateko partaide guztien arteko adostasunera iristea baina baita ere, behar beharrezkoa da, erakunde publikoetatik elikagai katea orekatzeko eta juxtuagoa egiteko erabaki politikoak onartzea.
Urnietan, 2021eko Irailaren 15ean