Notiziak

Otsailak 7, Gipuzkoako Batzar Nagusietako egoitzaren atarian Gipuzkoako hainbat baserritar bildu ziren, barrukaldean tratatzeko zuten PODEMOSeko mozioa eta BILDUren osoko emendakinaren aurrean bere aurkako posizioa plazaratzeko. Bertan izan ziren bai ENBA eta EHNE sindikatuak bai Gipuzkoako Basozale Elkartea eta BASKEGUR ordezkariak eta honako hau da, bertan irakurritako idatzia:

"Baserritarroi momentu txar asko bizitzea tokatzen zaigu, lurrarekin eta animaliekin lan eginda istripu eta ezbeharrak ohikoak ditugu, industrien gehiegikeriei aurre egin behar diegu eta  nahikoa ez balitz, gure eguneroko lana era guztietako lege, dekretu, ordenantza edo ziento bat inspektorek baldintzatu nahi dute.
Harro gaude egiten dugun lanaz, arbasoen eskutik jaso dugun jakinduriaz, lurra lantzeaz eta etxeko sukaldetik mendiko larreetaraino iristen den kultura honi jarraipena emateaz. Eta garenaz harro gaudelako ez dugu bururik makurtuko, ez dugu utziko gure mendeetako ogibidea zapaldua izaten, hiltzera kondenatzen. Zentzu honetan, onartezina iruditzen zaigu Arantxa  Ariztimuñoren kargu gabetzea eskatze hutsa. Urte luzez Aralarko abeltzainak egoera negargarrian lan egitera kondenatuak izan gara. Babes bereziko izendatutako eremu horiek baserritarron lanak, kudeaketak sortu ditu. Berauen defentsa egin nahi bada, baserritarron bizi baldintzak hobetzeko lan egin behar da, gurekin batera mendien kudeaketan jarraitu behar da.
Bide horretan aurrera egiteko apustua egin du Gipuzkoako Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendariak, eta gure babes osoa erakutsi nahi diogu azaldutako zuzentasun eta ausardiagatik. Bada garaia epelkeriak alde batera uzteko eta benetan estrategikoa izan beharko lukeen sektore honi benetan laguntzen hasteko, eta bere kargu gabetze eskaria, sektorea beraren aurkako erasoa da.
Azkenik, gaurko plenoan aurkeztutako bi proposamenei uko egiten diegu, nahiz jatorrizko proposamena, nahiz osoko emendakinari, biek helburu berdina dutelako, hau da, baserritarren lanerako oinarrizko azpiegiturak aurrera ateratzeko plangintza galeraztea, eta honenbestez, argi eta garbi eskatzen diegu Gipuzkoako Batzarkide diren taldeei ez ditzatela eskabide hauek babestu.
Lurra lantzen dugunak, abereak larretzen ditugunak gara benetako ekologismoa egiten dugunak, gizartearentzako arnasa, elikagaia eta ura bera sorrarazten ditugunak. Bada garaia zer babestu nahi dugun argitzen hasteko."

Azkenik esan beharra dago, bai PODEMOSen mozioa bai BILDUren emendakinak ez zirela aurrera atera, Batzar Nagusietako gehiengoak ezezkoa eman ondoren.

 

Bihar, asteazkena, Gipuzkoako batzar Nagusietako Plenoak PODEMOS batzarkide taldeak aurkeztutako ebazpen proposamena, Mendietako zuzendaria den Arantza Ariztimuñoren kargu uztea eskatuz eta proposamenaren aurrean, BILDUko taldeak aurkeztutako osoko emendakina, egungo ingurumen politikaren aldaketa eskatuz, tratatuko ditu.

ENBAk, Urtarrilaren 28an ospatutako urteko batzarrean egin zuen bezala, bere babesa agertu nahi dio Arantza Ariztimuño andereari eta ez ildo politiko jakina babestearren baizik eta, gure ustean, bere jarduera politikoarekin jasangarritasunaren aldeko politika orok barneratu behar dituen 3 hankak garatu dituelako, hau da, jasangarritasun soziala, ekonomikoa eta ingurumen alorrekoak.

Bestalde, berriro diogu, gure ustean, Ariztimuñok baserritarra (abeltzaina, artzain eta basozalea) bere ihardunaren erdigunean jartzen asmatu du berak, gu bezala, oso argi baitu ingurumenaren zaintzako politikan baserritarraren jarduna dela ardatza.

Azkenik, bi proposamenei uko egiten diegu, nahiz jatorrizko proposamena nahiz osoko emendakinari, biek helburu beretsua dutelako, hau da, baserritarren lanerako oinarrizko azpiegiturak aurrera ateraratzeko plangintza galeraztea eta honenbestez, argi eta garbi eskatzen diegu Gipuzkoako Batzarkide taldeeri ez ditzatela eskabidea hauek babestu

Atzo, Urtarrilaren 28an, Urnietan ospatutako batzarraren azken zatian, ENBA nekazal sindikatuak BASERRITARRON LAGUNA saria eman zion Euskal Telebistako SUSTRAIA saioari, belar meta irudikatzen duen eskulturatxoa jasotzen Josu Butron zuzendaria eta Luis Mari Bengoa aurkezle ohiak izan zirelarik.

Sariaren bitartez, ENBA sindikatuak, telebista saioak azken 28 urteotan gure baserriak eta nekazal sektorearen irudia goratzen egindako lana eskertu nahi izan du eta sektorekoak nahiz sektoretik kanpoko jende eta eragileen arteko indar metaketa aldarrikatu..

Atzo, urtarrilaren 28an, ENBA nekazal sindikatuak bere XXVI Batzarra ospatu du Urnietako Salesiarren Ikastetxean eta bertan elkartu zen jende ugari, baserritarrak, lagunak, sektoreko eragileak eta herri agintariak, besteak beste, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Xabier Arruti Gipuzkoako Nekazaritzako Foru zuzendaria, Arantza Ariztimuño, Menditako Foru Zuzendaria eta Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako sailburuordea.

Sarrerako salutaz gain ENBA nekazal sindikatuak elkarteko eta ENARO kooperatibako dirukontuak onartu eta bere estatutuen eguneraketa onartu zuen, nekazaritza alorreko enpresari elkartea den neurrian lan alorreko gaietan jarduteko eta bestetik, baserriko emakumearen berdintasuna, babesa eta sustapena bereganatuz.

ENBAko presidentea den Iñaki Goenagak sektoreak bizi duen egonkortasuna eta giro onaz baliatzea proposatu zuen, sindikatua indartzeko eta bide batez bere plan estrategikoa egiteko, etorkizunerako lan ildoak finkatuz eta sektorean bizi diren gainuntzeko eragileekin elkarlana jorratuz. Bestalde, Goenagak, Europako Nekazal Politikaren erreforma berriaren atarian gaudenez, Euskadiko nekazal sektoreak etorkizuna izan dezan, gure sektorea gizartearen nahia eta helburu berriekin lerrokatzea proposatzen du eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du elikadura osasuntsua, klima aldaketaren aurkako borroka, ingurumenaren zaintza, gastronomia, etb bezalako gaiak jorratzea eta gure sektorearen norabidea helburu horietara bideratzea.

ENBAko presidenteak aurkeztutako azpisektore ezberdinetako prezio eta ekoizpeneri buruzko txostena

 

ENBA nekazal sindikatuak, BASERRITARRON LAGUNA sariaren hirugarren edizioan SUSTRAIA telebista saioa sarituko du bere 28 urtetako ibilbide luze eta oparoan (lehen emisioa 1989ko apirilaren 8an izan zelarik) baserria eta baserritarren bozgorailua ezinhobea izan delako, baserriko errealitate aldakorraren berri emanaz eta hiritargoan landagunekiko sentiberatasuna lantzeko tresna aproposa izanik.

Telebista saioa, bere estilo lasai eta patxadatsuarekin, izaera dibulgatiboarekin, bidelagun ezinhobea izan dugu lehen sektorearen irudia euskal gizarte osoarengana helarazteko garaian.

Saria Urtarrilaren azken igandean, urtarrilaren 28an, Urnietako Salesiarren Ikastetxean ospatuko dugun ENBAren Batzar Orokorrean banatuko dugu.