Gipuzkoako Basogintza ordezkatzen duten eragile guztiak elkarturik, besteak beste ENBA, gaur goizean prentsaurrekoa eman dute Donostian, azken asteotan basogintzaren alorrean Aldundiaren inguruan izandako gertaerak baloratzeko eta bide batez, Jon Peli Uriguen diputatuari kargua utz dezala eskatzeko.
Ondoren argitaratzen dugu prentsaurrekoan Gipuzkoako Basozaleen Elkarteko lehendakaria den Joseba Arrietak irakurritako idatzia.
“Jarrera eraikitzaile batekin parte hartzen saiatzen gara”
* Gutxi izango dira jarduera jasangarriagoak egur sektorearenak baino: material berriztagarria, eta jasangarritasunaren irizpideei egokitzen zaiona
* Baso politika iraunkor bat martxan jartzeko, jasangarritasunaren hiru oinarriekiko oreka mantendu behar du: ekologikoa, ekonomikoa eta soziala
* Gipuzkoako milaka familia aritzen dira basoan lanean, baserriko beste lanen osagarri gisa; jarduera honek 2.000 lanposturi baino gehiagori eragiten die zuzenean
*Aldundiak eman dituen urrats apurrak, ekoizleokin adostu gabeak, zuzenean eragin diote sektorearen lehiakortasunari eta planteamentu batzuk inposatu nahi zaizkigu
* Unanueren kargugabetzean transparentzia eta zintzotasuna eskatzen dugu
* Jon Peli Urigueni, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatuari, kargua uzteko eskatzen diogu
Pasa den asteko gertakarien aurrean, eman den bilakeraren gure irakurketa zein den mahai gainean jarri nahiko genuke. Era berean, gure posizioaren gaineko argibideak ere gizarteratzea beharrezko ikusten dugu, gertakarien larritasuna medio.
Prentsa bidez jakin ahal izan dugu Julian Unanueren, Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendariaren, kargugabetzearen berri, eta prozesua nola doan ikusita, izugarrizko errespetu falta dela deritzogu, azken hiru urteotan kargua izan duen pertsonarekiko, Baso Kontseilua osatzen dugunokiko eta herritarrekiko orokorrean. Trasparentzia eta zintzotasun gehiago eskertzekoak lirateke kargubabetze honen inguruan.
Hiru urte hauetan, jarrera eraikitzaile batekin parte hartzen saiatu gara, herri honetan basoa lantzen dugunon ikuspuntuak azalduz. Gutxi izango dira basogintza jarduera bezain jasangarriak. Lurrarekin bat egiten dugu lan, mota askotako zuhaitzekin, gure artean urte asko daramatzatenak tartean, sortzez atzerrikoak izanagatik. Eta ez gara insignis pinuaz bakarrik ari, intxaur, gaztaina, izei edota pagoez ere bai, bigarren edo lehen mailakoa zein de bereizketarik egin gabe, bakoitzak bere betebeharra duelako.
Beti azpimarratzen saiatzen gara oreka eta adostasuna direla oinarrizko printzipioak aurrera egiteko. Basoa lantzeko lurralde egokia gara. Kalitate oso oneko egurra ekoizteko aukera onak ditugu, material berriztagarria, eta bizimodu jasangarriago bati askoz hobeto egokitzen zaiona ACEROO edo hormigoia baino. Zer esanik ez Gipuzkoa industrializatu honetan. Gainera, hau ez da guk dioguna soilik, izan ere, nazioarte mailako zertifikatuek, esaterako Europa mailako etiketa ekologikoek, berresten dute gure basoen jasangarritasun ekologiko hori (AENOR).
Guzti honi muzin eginez, Foru Aldundiak eman dituen urrats apurrak erasokorrak izan dira, ekoizleokin adostu gabeak. Hartutako erabakien artean zenbaitzuk zuzenean eragin diote egur sektorean dugun lehiakortasunari.
Jakitun gara, zer nolako presioak izan diren eta dauden, zenbait pertsona eta kolektiboren aldetik, eta ez dugu ulertzen sektore hauen jarrera, ezta Julian Unanuerekiko, lehendabiziko egunetik hartu duten dinamika erasokorra ere, lehen sektoreko beharra ulertzen zituen bakarra zelako agian? Ez dakigu. Baina garbi daukagu: ekoizleoi, lurra lantzen dugunoi, planteamentu batzuk inposatu nahi zaizkigula, inolaz ere egokiak ez direnak.
Ez dakigu barneko erabakiz, presio hauei men eginez edo ezin eraman pertsonalen ondorioz datorren kargugabetze hau, baina garbi dugu Jon Peli Uriguen, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatua ez dela ari bere arduraren neurrian. Ez presio hori gestionatzeko gauza ez bada, ez eta sektore oso bati bizkarra eman nahi badio. Beraz, Uriguen jaunari, bere kargua uzteko eskatzen diogu.
Egur ekoizleontzat konplementu bat izan ohi da basoa, nekazaritzako jarduera bat gehiago, baina kasu honetan bizi ziklo luzeagoa duena, belaunaldi bat baino gehiagotan luza daitekeena. Baso politika denon artean adosten ez bada ziklo luze horiei era negatiboan eragin diezaieke eta basoetan egiten diren lanei ere bai.
Era berean, lanpostu mordo batez ari gara hitz egiten, zuzenean 2.000tik gora. Lanpostu galera batzuekiko halako kezka eta ardura azaltzen denean, nola sentitu behar gara beste batzuekiko halako mespretxua ikusita? Langileen artean kategoriak ba al daude? Zuhaitzen artean bezala?
Unanue kentzearekin batera Aldundiaren aldetik baso politika berri baten aldeko adierazpenak entzun ditugu Ugarte bozeramailearen ahotik eta beldur gara, Aldundia sostengatzen duen alderdiaren baso politika, soilik zenbait kolektiboen ideietan oinarrituko dela, baso ekoizleon ahotsari entzungor agertuz.
Egun hauetan, prentsan ikusi ahal izan ditugu alderdi politiko ezberdinak, baina gurekin hitz egitera inor ez da eseri. Gonbitea luzatu nahi diegu aurrez aurre jaso dezaten gure planteamenduen berri, Aldundiari azaldutakoa zer izan den jakin dezaten.
Baso politika iraunkor bat martxan jartzeko, jasangarritasunaren hiru oinarriekiko oreka mantendu behar du: ekologikoa, ekonomikoa eta soziala. Bestela epe motz batean bertan behera geratuko da. Eta hau lortzeko adostasunak ezinbesteko izango dira, azken batean lurra lantzen dugun ekoizleok, egin beharko dugulako lan hori gure mendietan, eta ez beste inork.
* Nekazaritzako sindikatuak (Gipuzkoako EHNE, ENBA-Gipuzkoa)
* Gipuzkoako Baso Elkartea (GEBE)
* Baso ustiaketako enpreseen elkartea (AREFOR)
* Gipuzkoako zerrategien elkartea (SECOMA)
* Euskadiko egurraren bigarren eraldatzaileen Elkartea (EGURLANDUA)