Gaur goizean Bilboko Kafe Anztokian ENBAko ordezkariak izan dira, beste eragile askoren artean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak eta HAZI fundazio publikoak babestutako NIREA ekimenaaren aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira, ENBArekin batera nekazal eta arrantza sektoreko eragile nagusiak.
NIREA erakunde publiko eta pribatuen arteko lidergo partekatuan bultzatutako ekimena da, lehen sektoreak Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialean duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta garrantzi hori balioesteko bultzatutakoa, Lehen Sektorea suspertzen eta Landa eta Itsasertzeko Ingurunea biziberritzen laguntzeko helburuarekin.
Bittor Oroz sailburuordea eta Haziko zuzendari nagusi Asier Arrese ez ezik, aurkezpen ekitaldiak honako hauen presentzia eta babesa izan du: ENBA eta EHNE nekazarien sindikatuetako ordezkariak, Euskadiko Arrantza Kofradietako ordezkariak, Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluko ordezkariak, nekazaritzaren kudeaketarako zentroetako ordezkariak,Nekatur,Elikaduraren Klusterra, Landa Garapenerako Elkarte eta elkarte sektorialetako ordezkariak, bai eta lehen sektoreko ekoizleak ere.
Zer da NIREA?
NIREA programa bat da, Lehen Sektorearen sustapena eta Landa eta Itsasertzaren Biziberritzea azken helburu duena eta Euskadiko lehen sektorea eta landa eta itsasertzeko ingurunea osatzen duten pertsonak protagonista dituena. Ekimen horren bitartez ezagutzera eman nahi da Landa ingurune biziak bere ingurunean duen garrantzia, daukagun gizartearen ereduaren oinarri den heinean, eta, era berean, lehen sektoreak eta landa eta itsasertzeko inguruneak gaur egungo gizartearen ereduaren barruan duten zeregina eta beroiek osatzen dituzten pertsonak balioestea. Hitz batean, NIREAk ekosistema zaintzea eta landa eta itsasertzeko ingurunearen garapen iraunkorra sustatzea defendatzen du, eta ingurune horrek Euskadiko garapen ekonomiko eta soziala orekatua izaten laguntzen duela onartzen du.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz NIREA ekimena babestearen alde agertu da, “Euskadiko lehen sektoreko pertsonekin eta landa eta itsasertzeko ingurunean bizi direnekin konpromiso hartzeak lehen sektore estrategiko, lehiakor eta bizia duen herrialde batekin konprometitzea esan nahi duelako. Gutako bakoitzak ahalegina egitea, ardura hartzea eta konprometitzea esan nahi du, eta Eusko Jaurlaritzak hala hartzen du bere gain”.
“Ekimenak NIREA du izena konpromisoa norbanakoarena delako, gutako bakoitzarena, eta konpromiso pertsonal guztiak batuta ekimenaren lorpenak gero eta handiagoak izatea lortuko da”, adierazi du.
NIREA ekimena Eusko Jaurlaritzaren politikaren printzipio eta jarraibideekin bat dator; izan ere, sektore hau errespetuz tratatzen baita, profesionala delako eta Euskadiko ekonomiari ekarpen kuantitatiboa eta ekarpen kualitatiboa egiten diolako.
Miren Garmendiak, Euskadiko arrantza sektorearen ordezkaritzan, eskaera bat egin dio euskal gizarteari, erosketei lotuta hartzen dituzten erabakiek herrialdearen ereduari eragiten diotela konturatu daitezen”. Hortaz, akordio honekin nahi da gizartea Euskadiko Lehen Sektoreko produktuak identifikatzeko gai izatea (bertako produktua, hurbileko produktua eta kalitatekoa), eta, zentzu horretan, erosketei lotuta hartzen den erabaki bakoitzak eragin zuzena dauka gure inguruneko eredu ekonomiko, sozial eta kulturalean, eta, beraz, Euskadiko ekoizleei eta Euskadiko produktuak erosita denon onurako den ereduari eusten ari gara.
Azken finean, Belen Balerdik Euskadiko nekazaritzaren sektorearen ordezkaritzan adierazi duen moduan, “NIREAren asmoa da gizarteak erosteko ohituretan Lehen Sektoreko produktuak sartzeko konpromisoa hartzea, eta, horretarako, kontsumitzailearen inplikazioa benetan garrantzitsua da".
Kanpaina, NIREArekiko atxikimendu berrien bila
NIREA Akordioa izenekoaren edukia jakinarazita, hemendik aurrera konprometitu diren sektoreko pertsona eta erakundeak lanean arituko dira, atxikimendu gehiago lortzeko eta proiektu berritzaile honen filosofia zabaltzeko.
Agente sektorialeei ez ezik, datozen egunetan asmoa da proiektua Euskadiko beste erakunde, enpresa eta instituzio batzuei ere ezagutzera ematea eta haien partaidetza lortzea. Guztien artean, eta batez ere NIREA ekimena bere egiten duten guztiek banaka ematen duten babesarekin, balioetsi nahi da produktuaren figura eta, beraz, landa ingurune osoa ere bai.
Euskarriak
NIREA hedatzeko www.nirea.es web orria sortu da, eta gune horretan argitaratuko da ekimenarekin zerikusi duen informazio guztia; era berean, akordioarekin bat egin nahi duten guztiek gune horretan adierazi ahal izango dute nahi hori.
Ekimena sare sozialen bitartez zabalduko da eta dibulgazioko bideo bat egingo da ekimenaren berri emateko.