instagramFacebookTwitter

Hiru urtetako prozesu luzeak bere fruitua eman du Adunan. Sagardo lupuluduna aurkeztu berri du Adunako R. Zabala sagardotegiak, %100 bertako lupuluarekin egindako lehen sagardoa.

Aleo Vitro enpresa bioteknologikoaren laguntzaz egin dute lanketa R. Zabalako sagardogileek. Aurrez ere elkarlanean aritu izan dira eta, Aleo Vitro enpresak proposamena luzatu zienean, baiezkoa eman zuten R. Zabala sagardotegiko kideek. Landa lanak eta laborategiko probak egin dituzte geroztik, proiektu pilotua garatzen joateko. Azaroaren 24an aurkeztu zuten lan horren emaitza, lupulua duen bertako sagardoa. Produktu homogeneoa lortzeko, lan handia egin dute eta hura aurkeztuta, lanean jarraituko dutela azaldu dute.

Bertako lupuluarekin

Oso osorik Adunan ekoitzitako produktua erabili dute Zabalako sagardo lupuluduna egiteko. Eneko Otxoak azaldu du nolakoa den Adunako lupulua: “Lehen aldia da erabat bertako produktuz osatutako sagardo lupuluduna egiten dela. Badira bi urte Zabala sagardotegiko kideak lupulu saila jartzera animatu zirela. Aduna bertako barietatea eta barietate komertziala jarri ditugu bertan. Sagardotegitik oso gertu dago saila; landare igokaria da eta hari luzeetan gora joaten da”. Bost eta zazpi metro arteko luzera hartzen dute lupulu landareek eta haien loreak dira aprobetxatzen direnak. “Horregatik, landare emeak bakarrik landatzen dira. Arrak ere ematen du lore bat, baina landare emearen lorea da produkziorako aprobetxatzen dena. Gure mintegietan ekoitzitako landareak erabili ditugu”.

Uzta, irailean

Irailean jasotzen da lupuluaren uzta. Landarea moztu, eta loreak banatzen zaizkio. Ondoren, lore horiek lehortzen jartzen dira, aurrerako erabili ahal izateko. “Adunan oso azkarra da prozesu hori guztia. Izan ere, sagardotegitik gertu dago saila eta, landarea moztuta, bertara ekarri eta loreak banatzen dira. Oso ordu gutxiren buruan, lehortzen jartzen dira lore horiek. Horrek, lorearen propietate guztiak oso ondo gordetzea bermatzen du. Behin loreak lehortuta, kontserbatzeko modu ezberdinak erabili ditugu: izoztu, airerik gabe gorde…, guztiak ere lupuluaren propietateak ahalik eta ondoen gordetzeko helburuz”, azaldu du Aleo Vitro enpresako kideak.

Bi barietate

R. Zabala sagardotegian ekoitzitako bertako sagardoari nahastu diote lupulua. “Azken emaitza bezala, bi barietate egin ditugu. Lehendabizikoa, erabat bertan ekoitzitako lupuluarekin egindakoa da, bigarrena, barietate komertzial bat erabilita. Bi sagardo ezberdin dira, oso ezaugarri bereizgarriekin”, azpimarratu dute.

Gustura azaldu da R. Zabala sagardotegiko Luis Zabala. “Lortutako sagardoak oso berezia dira. Edan-errazak direla esango nuke, baina bere zapore bereizgarriarekin. Jendeari gauza berriak probatzea gustatzen zaio eta iruditzen zait hau jendearen gustukoa izango dela”.

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan