Gaur goizean, Ekainak 12, ENBA nekazal elkartea Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Inguruneko ordezkariekin batzartu da, berez gai ugari tratatzeko zen batzarra eta besteak beste, ehizaren kudeaketa eta lehen sektorearengan duen eragina aztertu duena.
Hainbat komunikabidetan sortu den espektatiba ikusirik, gure balorazioa publikoa egin nahi dugu.
- ENBAtik Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi diogu basanimaliek, basurde eta orkatzek batez ere, gure belardi eta artasoroetan eragindako kalteengatik gure haserrea eta kezka, are gehiago, azken hamarkadetan hainbeste landu den azienda osasuna arriskuan jotzen dugulako basurdeak gaitz transmisore ezinhobeak diren momentutik.
- ENBAtik Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi diogu gure larritasuna Gipuzkoako Ehiza Federazioak, Aldundiarekin Ehiza Larriaren Hitzarmena sinatze faltaren argudiatuz sustatutako grebaren aurrean eta baserritarrok basurdeen kalte aurrean sentitzen dugun babesa eza.
- Foru Aldunditik adierazi zaigu Federazioak Martxotik duela hitzarmen proposamena mahaigainean eta ez duela erantzunik jaso ez eta desadostasun puntuak zeintzu diren. Era berean azaldu zaigu, Ehiza Larriaren Hitzarmena sinatu gabe izan arren, heurek Gipuzkoako ehizaren kudeaketa arautzen duen Hitzarmen Orokorrean aurrikusitako dirupartida osoa ordaindu zaiola Ehiza Federazioari.
- Horrexegatik, baserritarrok, basanimalien kaltedun nagusiak izanik eta heuren arteko gatazkaren erdian harrapatuta sentitzen garenez, Gipuzkoako Foru Aldundiari luzatu diogu aztertu dezala Gipuzkoako Lurraldean ehiza kudeatzeko indarrean dugun legedia eta azter ditzala, mahai gainean egon daitezkeen aukera guztiak kudeaketa eraginkorragoa lortzearren, bereziki, ehiza larriari dagokionean.