Gipuzkoako bi nekazal sindikatuok, ENBA eta EHNE, Gipuzkoako Foru Aldundia (GFA) eta Gipuzkoako Ehiza Federazioa (GEF) arteko Ehiza Larriaren Hitzarmen proposamena aztertu eta honako balorazioa egiten dute:
- Komunikabide bitartez iragarri den Hitzarmenaren balizko sinadura ondorio positibo bakarra du, hain zuzen ere, nekazaritzarako hain kaltegarria den basurdearen ehizari berrekitea eta horrexegatik, gure lurraldeak bizi duen basurde gainpopulazioari aurre egiteko hain beharrezko diren uxaldiak automatikoki berraktibatuko direla, beste gai batzuren menpe ipini gabe. (Komunikatu idatzi ostean jakin dugu greba deskonbokatu dutela).
- Hala ere, ENBA eta EHNEren ustean Hitzarmenaren egungo zirriborroa atzerapausu nabarmena da, baserritarrak, ehiza larriaren aplikazioa eta kontrola osoa GEFren eskutan uztean, inongo babes publikorik gabe uzten direlarik.
- ENBAeta EHNEren aldetik oso argi utzi nahi dugu gure lehentasun nagusia basurde gainpopulazioari aurre egitea dela eta honenbestez, baserriko lursailetan jasaten diren kalteak gutxitzea eta ez, zenbaitzu agertu nahi izan duten bezala, kalteordainak jasotzea, ahaztu ezinak izan arren, bigarren mailako gaiak bait dira.
- ENBA eta EHNEren ustean, behar beharrezkoa da basurde izurriteari aurre egiteko era guztietako neurriak sustatzea eta honenbestez, begi onez jotzen ditugu ehiza ahalik eta eraginkorrena bultzatuko duten neurriak, programak eta sariak.
- ENBA eta EHNEren ustean egungo zirriborroak ez du jasotzen baserritarrontzat ezinbesteko den peritazio neutrala eta independientea, bere lana gutxieneko profesionalitate eta seriotasuna bermatuz.
- ENBA eta EHNEren ustean ezin da utzi, soilik, GEFren eskutan afektatutako baserritarrei eman beharreko erantzuna (kalteordainak, konpentsazioak, neurri zuzentzaileak, …).
- Bestalde, azken hilabeteotan bizitako negoziazio prozesuak agerian utzi du, negoziazioan partehartutako bi aldek mahaiaz kanpo utzi dituztela ehiza larriaren afektatu nagusiak, baserritarrak alegia eta hain zuzen horrexegatik, etorkizunean horrelakorik errepika ez dadin, Hitzarmenean aurreikusten den jarraipen Batzordean, aldundia eta federazioaz gain, Gipuzkoako bi nekazal sindikatuak, ENBA eta EHNE, txertatu beharko lirateke.
- Azkenik, GEFren alde bateko grebak sortu duen egoera larria ikusirik eta baserritargoan bizitzen ari garen babes falta egoeraz jabeturik, beti ere, horrelako uneak etorkizunean errepika ez daitezen, ENBA eta EHNEtik dei egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari eta bereziki Imanol Lasa diputatuari zabal dezala lehenbaitlehen Gipuzkoako lurraldean egun dugun ehizaren antolaketari (bai ehiza larria bai ehiza xehea) buruzko gogoeta prozesua, nekazal eta baso sailen jabeak eskubideak bermatzeko helburu garbiarekin bai basafaunak eragindako kalteei aurre egiterakoan bai ehiza jarduera baserriko errentaren osagarri gisara ahalbidetzen duten ekimen enpresarialak aurrera eramaterakoan askatasuna gehiago eskeiniaz..