instagramFacebookTwitter

2022.05.18.ordizia.aralar

Maiatzaren 10ean Ordizia, Zaldibia, Legorreta eta Amezketako udal ordezkariek eman zuten prentsaurrekoan adierazitakoaren aurrean, Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain, Gaintza eta Lazkaoko ordezkariek eta abeltzainen ordezkari den ENBA sindikatuak honako hau adierazi nahi dugu:

 

1. Maiatzaren 10eko prentsaurreko hartan Ordizia, Zaldibia, Legorreta eta Amezketako udal ordezkariek Enirio Aralar Mankomunitatearen izenean hitz egiten ari zirela azaldu zuten. Baina egiari zor, beraiek Mankomunitate horren zati bat baino ez dira. Mankomunitatearen izenean hitz egiteko, Mankomunitateko batzordean hitz egin eta adostu behar da. Gu ere Mankomunitatea gara eta Mankomunitateko Lehendakari den Adur Ezenarro jaunak, ez du Mankomunitateko bilerarik deitu azken hamar hilabete hauetan.

 

2. Gipuzkoako herri mendi guztiak, 32 guztira, herri mendiaren jabetza duten erakunde eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko adostasun bitartez kudeatzen dira, GOILARRE izeneko programa bitartez. Programa horren oinarrian, herri mendiaren jabe den erakunde eta herri mendiaren erabiltzaileak diren abeltzainen arteko adostasuna dago eta hori da, Enirio-Aralarko mendian falta dena, mendiaren jabetza duen Enirio-Aralar Mankomunitatea eta abeltzainen arteko akordioa. Mankomunitateak, abeltzainen ustean, ez bait du abeltzainen aldetik finkatutako lehentasunak gauzatzeko inongo asmorik, hala nola, xehaketak, bideak eta txaboletako inbertsioak. Adostasuna faltaren aurrean, hau da, abeltzainen oneritzirik gabe, ez da gauzatzen jabea den erakunde eta Foru Aldundiaren arteko akordiorik. Beraz, kanpora begira jarri baino lehen, mendira begira jarri beharko luke Mankomunitateak eta abeltzainekin adostasunera iritsi.

 

3. Salagarria da, diru kontuekin egin duten manipulazioa. Gezurra da, Aldundiaren gabezia estaltzeko, udalok, diru “extra” bat jarri behar izan degula esaten dutenean. Udalok, GOILARRE programan parte hartuz, eta Aldundiko dirulaguntzekin batera efektu biderkatzaile bat lortzeko, diru gehigarri bat jartzeko erabakia hartu genuen. Diru hori abeltzainekin eta Aldundiarekin adostutako lanak egitera bideratua zegoen. Adur Ezenarro izan zen, bere kabuz, diru hori beste ekintzetara desbideratu zuena, Aldundiarekiko eta abeltzainekiko konpromisoak hautsiz.

4. Mankomunitateak azken hiru urteetako Aldundiaren dirulaguntza aukera guztiak galdu ditu. Harrigarria da Mankomunitatea osatzen duten udal batzuk (Amezketa, Zaldibia, Ataun,…) Aldundiko dirulaguntza programetaz baliatzea beraien mendietan lanak egiteko, eta herri horietako ordezkariek Mankomunitatean dirulaguntza programari uko egitea.

 

5. Gipuzkoako beste mendi guztietan abeltzain, Udal eta Aldundiaren arteko elkarlan programa arrakastatsua izaten ari da. Zergatik Aralarren ez? Aralarren bakarrik ez?

 

6. Ez dugu eskaparatismo edo itxurakeri joera hauekin bat egiten. Ezin da abeltzainen aldeko mezuak aireratzen aritu aldika-aldika izaten diren azoka, feria edo nekazal giroko ekitaldietan, eta egunerokoan abeltzainen bizi baldintzen aldeko kudeaketarik ez egin. Mankomunitateko Lehendakariak ezin du 10 hilabetetan lan bilera bat antolatu gabe egon.

 

7. Beraz, Mankomunitateko Lehendakari den Adur Ezenarrori eskatzen diogu:

a. Mankomunitateko bilera dinamika berreskuratu dezala, alde bakarreko erabakiak hartzeari utziz. b. Abeltzainen beharrek aintzat hartuz, Aldundiaren elkarlan programetan parte hartu dezala Gipuzkoako beste mendi guztietan bezela.

 

 

ORDIZIA / 2022 – 05 - 18

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan