instagramFacebookTwitter

Ehne, Enba eta Gebe elkarteok basoen benetako arazoari buruzko eztabaida serio eta urgentea eskatzen dugu: kudeaketa eza eta abandonua

Lehen sektorea kontuan hartu gabe, Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak basogintza mugatzen duten erregulazio berriei heltzea gaitzesten dugu

Ehne, Enba eta Gipuzkoako Baso Elkartea (GEBE) etsipenez eta frustrazioz jasotzen ari gara gure basoei buruz ematen ari den eztabaida politikoa, gehiegizko erregulaziozurrunbiloan murgilduta baitago, eta ez ditu jorratzen basoen biziraupena arriskuan jartzen duten arazoak. Horregatik, benetako arazoari buruzko eztabaida serio eta presazkoa eskatzen dugu: baso-kudeaketarako jartzen diren oztopoak eta ezbai politikoak eragin duten mendien abandonua. Basoak bertan behera uzte horrek ekartzen du gure ingurunea pobretzea eta zuhaitzak gaixotasunekiko ahulagoak izatea. Horrez gain, gure baso eta mendi asko sute handietarako aproposak diren erregai-biltegietan bihurtu dira.

Gure erakundeetako ehunka elkartekidek mendietan egiten duten lana aintzat ez hartzea ez da berria. Hala ere, oraingoan deigarria egin zaigu, parte-hartze prozesuen gorakada betean, ezustean aurkitu izana Gipuzkoako Batzar Nagusien Osoko Bilkurak asteazken honetan Eukalyptus generoko zuhaitzei eragiten dien ebazpen proposamen bat eztabaidatu eta bozkatuko duela.

Zehazki, Elkarrekin Podemos talde politikoak Gipuzkoan espezie horretako zuhaitzak landatzea aldi baterako debekatzea eskatu du. Baina horren aurretik, inork ez digu galdetu sektorea astintzen duten arazoei buruz. Horiek ez daude gai-zerrendan.

Enba, Ehne eta Gebe elkarteok kezka bera dugu: Gipuzkoako basoen % 16 baino gehiago inolako kudeaketarik gabe hazten ari dira, errealitate triste baten eraginpean, non ez dakigun zein zuhaitz, autoktonoak edo aloktonoak izan, gai izango diren datozen baldintza klimatikoetara hobeto egokitzeko eta bizirauteko. Eta kudeaketarik gabeko basoa gaixotasunak eta lehorte garaietako estres hidrikoa larriki jasan ditzakeen basoa da; balio gutxiagoko basoa, material eta erregai fosilen mende jartzen gaituena.

Hala ere, ikusten dugu eztabaida politikoa, errealitateak erabat gaindituta, beste ildo batetatik doala eta Gipuzkoan ia anekdotikoa den zuhaitz mota batean (% 1,3) zentratzen dela. Gogora arazi beharrean gaude, gure lurraldean beste espezie alternatibo batzuen alde egin dugula nagusiki pinudi gaixoak birlandatzeko garaian.

Horregatik, alderdi politiko guztiei gure basoak modu aktiboan kudeatzeko adostasuna lortzen saiatzeko eskatzen jarraituko dugu, baso-kudeaketa jasangarriko praktiketan oinarrituta; eta hori lortzeko, behar-beharrezkoa da basogintza sektoreko profesionalak eta arduradun publikoak elkarrekin lan egitea. Hil ala bizikoa da.

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan