ENBA nekazal sindikatuak, BASERRITARRON LAGUNA sariaren seigarren edizioan JOXE MARI ZEBERIO sarituko du bere ibilbide osoan zehar sektorearen egituratzearen alde eta Familia Nekazaritzaren defentsan egindako lana aitortuz.
2014 urtean, BASERRITARRON LAGUNA Sariaren lehen edizioan, Jaime Zubia Zinkunegirentzat izan zen saria; 2016 urtekoa, AMAMA zinema filmarentzat; 2018an ETBko SUSTRAI saioarentzat, 2020an Nikolas Segurolarentzat eta 2022an Orona Fundazioarentzat. Orain, 6. Edizioa ospatuko dugu eta izan ditugun 7 hautagai proposamenak aztertu eta baloratu ostean, aurtengo saria JOXE MARI ZEBERIO jaunari ematea erabaki dugu.
JOXE MARI ZEBERIO jauna Ataunen jaio zen 1949 urtean baina berehala Andoaingo baserri batera joan zen bizitzera. Bere ibilbidean zehar helburu bakarra izan du: lehen sektorearen eta familia baserriarentzat etorkizun duinaren alde lanegitea. Helburu horrekin, Cándido Iturriaga eta María Dañobetitia Fundazioan jardun zen eta handik bultzatuta, baserritarren egituratzea bultzatu zuen bai sindikalgintzan bai kooperatiba edota gestio etxe dagokionean.
Baserria, baserritarrak eta beren familien duintasuna aldarrrikatzeaz gain, gogor jardun da heuren alde eta zerbait azpimarratzearren, 1999an Munduko Landagunea-Foro Rural Mundial sorreraren gidaritza eman zuen eta lanaren islada dugu gaur egun mundu osoko 35 miloi nekazarien ordezkari diren 51 eragilez osatutako sarea.
ML-FRM lan eskergaitzaren ondorioz Familia Nekazaritza kontzeptua eta aldarria nazioarteko agenda politikoan txertatu da eta horren ondorioz nahiz ONU nahiz FAOrekin aurrez aurreko harremana lortu da eta Familia Nekazaritzaren Hamarkada onartu zen 2017 urteko abenduan.
Saria, hemendik hilabetera, Urtarrilaren azken ostiralean, urtarrilaren 26an, Hernaniko ORONA Fundazioaren Auditorioan ospatuko dugu, aurrez egingo den ENBAren Batzar Orokorra amaitu ondoren.