Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Planak otsoa lurralde osora hedatzea sustatzen du eta mendiko abeltzaintza alboratu egiten du
Abeltzaintzaren aurkako erasoak arintzeko neurriak itxurakeria besterik ez dira
Euskadi, 24/9/19.-Atzo argitaratu zen EHAAn Euskal Autonomia Erkidegoan otsoa kudeatzeko plana jendaurrean jartzeko ebazpena. Euskal nekazal eta abeltzain sindikatuok uste dugu, dokumentuaren azterketa sakonago baten faltan, plan honek berriro ere alboratzen duela mendiko abeltzaintza, sakoneko arazoari heltzea saihestuz eta sektore horri laguntzeko egitura-neurriak ezartzeari uko eginez, azken ondorioek arriskuan jartzen dituzte bai abeltzaintzaren eta gaztaren sektore osoa, ardi latxan oinarritua, bai larre menditarren habitatak, Europako araudiek babestu eta sustatu behar dituztenak. Mingarria da aurreko gobernu taldearekin bilera ugari egin eta lehen sektoreko erakundeek egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana.
Aurkeztutako dokumentua aztertuta, alderdirik larrienetako bat otsoaren populazioa handitzen, eta lurraldean hedatzen laguntzeko Planaren asmoa da, animalia horien mugimenduak ahalbidetuz, espeziearentzat egokiak diren fauna-pasabideak jarriz.
Otsoaren kontserbazio-egoeraren azterketari dagokionez, dokumentuak dio “otsoaren harraparitzak eragindako abelburuen kopurua oso txikia dela abeltzaintzako erroldarekin alderatuta”, eta argudiatzen du Arabako eta Bizkaiko abeltzaintzako ustiategien % 5 baino ez dagoela kaltetuta. Deigarria eta bidegabea da kalkulu horietarako lurralde horietako ustialeku guztiak kontuan hartzea, erasoak eskualde oso zehatz batzuetan pilatzen direnean. Sindikatuon iritziz, dokumentuak norberari tranpak egiten dizkio, eta ez du jasotzen benetako eragina, ez eremu espezifikoetan, ezta erasoek lurraldearen kontserbazioan zein landa bizitzarako dituzten ondorioak ere.
Kalteak ekiditeko neurriei dagokienez, orain arte ezarritakoez gain, laguntzeko giza taldeak sortzea aurreikusten da, bai profesionalak, bai boluntarioak. Lehen sektorea sektore profesionala da, eta egiturazko neurri serioak behar ditu, ez boluntarioen esku geratzea. Mastin txakurrek artaldeen defentsan egiten duten lana nabarmentzea irtenbide magiko gisa, errealitateak erakutsi digunean mastinek, konponbidea baino gehiago, arazoak areagotu ditzaketela euskaldunak bezain gizatiartuak dauden mendietan, mendizale, pasealari, txirrindulari, mendiko runner eta abarren populazio gero eta ugariagoarekin elkarbizitza zaila dutelako.
Zeregin horietako batzuei dagokienez, hala nola, erasoen ondoren abereen egoera egiaztatzea, prebentzio-mekanismoak egiaztatzea edo aditu-ikuskapenetan laguntzea, ez da laguntza berezirik behar, abeltzainok egunero egiten dugun lana baita. Gainera, proposatzen diren planen zati bat, artzaintzarako laguntza profesionala, adibidez, abeltzainok ordaindu behar dugu. Ez da nahikoa kalteak jasatea eta otsoaren inposizioa jasan behar izatea; jarduera horien kostuak ere gure gain hartu behar ditugu.
Aurrekontuei dagokienez, Artzaintzari laguntza profesionala emateko programa, Ingurumen Ordainketen Programa eta Kalteengatiko konpentsazio ekonomikoa batuta, atal horiek 325.000 euro dira guztira. Duela gutxi, ABERE abeltzaintzako zerbitzuen kooperatibak txosten bat aurkeztu zuen, eta, bertan, otsoa bere ustiategietan egotea inposatzeagatik abeltzaintza sektoreak bere gain hartzen duen gainkostua aztertu da. Arazo hori duten Arabako eskualdeetan soilik, otsoaren presentziak 2 milioi euro inguruko kostu osoa du.
Zifra horien aurrean, argi geratzen da sektoreari laguntzeko aurreikusitako neurriak itxurakeria besterik ez dela, bai eraginkortasun faltagatik, bai mendiko abeltzaintzatik bizi diren pertsonek egunero pairatzen dituzten kalteak minimizatzeko bideratzen den aurrekontuagatik.
Planaren helburua, agirian esaten den bezala, EAEn otsoaren kontserbazio-egoera ona lortzea bada, otsoa animalia horien benetako erroldarekin kuantifikatu eta konparatu beharko litzateke, eta kontuan hartu beharko litzateke penintsulako gainerako lekuetan duten kontserbazio-egoera. Izan ere, otsoaren presentzia eremu oso zehatz batera mugatu da Euskadin, eta, orain, lurralde osora hedatzea aurreikusten da, eta hori abeltzaintzarako mehatxu larria da.
Abeltzainok, arazoak sortzen dituzten otso aleak ateratzea bultzatu behar dela uste dugu, abeltzaintzan kalteak murrizteko. Era berean, uste dugu beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzak, saila guztiak , Gobernu Zentralarekin negoziazioetan sakontzea, otsoa LESPRE zerrendatik ateraz, otsoaren legezko babesa 2021aren aurreko egoerara itzuliz.
Azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako erakunde profesionalok ez dugu onartzen Otsoaren Kudeaketa Plan hau, eta bidezko alegazioak aurkeztuko ditugu beren bizimodua arriskuan ikusten duten abeltzaintzako ustiategiak defendatzeko.