Euskadiko Nekazarien Batasunak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak jendaurrean ipinitako Otsoaren kudeaketa planaren aurrean aurkeztutako txostenean, planaren tramitazioa gelditzea eskatzen du.
Otsoen populazioa nabarmen hedatzen eta handitzen ari den egoera globalean, ENBAren ustean, zentzuzkoena otsoen babes-kalifikazioaren balizko berrikuspena Europan zein Estatuan ebatzi arte itxarotea da eta bide batez, mahaigainean dagoen dokumentua, goitik behera berregitea, natur baliabidek zaintzen eta lurraldea kudeatzen duten abeltzainen ogibidea eta bizibidea dokumentuaren erdigunean jarriz.
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa planak, abeltzainari otsoaren erasoen kaltetu izaera ukatzen dio eta zentzu berean, erabateko enpatia falta agertzen du abeltzaintzarekiko bai otsoak eragindako kalteak gutxiestean bai balizko irtenbideetan proposamen lausoak eta hipotetikoak ezarriz eta aldiz, abeltzainek betebeharrekoetan, oso hizkuntza zehatza eta zigortzailea azalduz.
Esan bezala, otsoaren kudeaketa planean aurkezten diren alternatibak (txakur zaindariak, itxiturak, bolondres eta laguntzaileak, kalitate zigiluak, etb.) aplikaezinak dira gu bezalako mendi abeltzaintzan eta are gutxiago, gure mendiak zeharo humanizatuak daudenean.
Hau dena kontuan izanda, eta atxikita doakizuen alegazio dokumentuan zehatzago ikus dezakezuen bezala, ENBA sindikatuak, Eusko Jaurlaritzak otsoaren kudeaketa planaren tramitazioa etetea eskatzen du eta bitartean, dokumentuko diagnostikoa ezabatzea, otsoaren hedapenak bai mendiko larretokien habitat, arriskupean dauden abere espezietan bai abeltzainen bizi kalitatean izan eta izango duen eragina berraztertuz eta horrekin batera, otsoak eragindako kalteen konpentsazioa integrala eta azkenik, otsoak erauzteko programa abian jartzea.
*OHARRA: Honekin batera doakizue, Eusko Jaurlaritzara bidalitako alegazio dokumentua.