Atzo, astelehena, Gipuzkoako ENBAko ordezkaritza bat Tolosako hiltegiko langileekin elkartu zen, greba zurrumurruak direla eta, hiltegiaren egoeraren berri izateko.
Egoera oso larria da. Zorra haundia pilatu dute Tolosaldeako Mankomunitate eta Tolosako udalarekin, lokalagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua urteetan ordaindu ez dutelako, eta sorpresaz, egoera horretan jarraitzea utzi zaio.
Bestalde, enpresako jabeek, azken 2 urteetan, enpresa ahultzen joan dira, bai giza baliabidez, langileak gutxituz eta zuzendaritza gabe, bai beste baliabidez, kamioiak kenduz, ondorioz, okelaren errepartoa nabarmen okertuz.
Langileek, 2 hilabete pasa soldata kobratu gabe daudenez, grebara deitu dute otsailaren 24tik aurrerantz eta ENBAtik, gure kezka helarazi zaie, eskualdeko abeltzainengan izan dezakeen afekzioarengatik.
Tolosaldeako Mankomunitateko presidentearekin ere egon gara bere iritzia ezagutzeko eta azken hilbateetan, egoera larriki okertu denez, saiakera batzu lantzen aritu badira ere, badirudi, oraingoan, greba deialdiaz jabeturik, luzerako proposamenak alboratu eta datozen egun-astean langileen soldatak ordaintzeko irtenbidea lantzen ari direla baina irtenbide horrek, txosten juridikoaz gain, mankomunitatea osatzen duten 45 udaletxen babesa lortu beharko du.
ENBAk argi du, Tolosaldeako hiltegiaren egungo egoeraren ardura nagusia hiltegia kudeatzen duen INCAROSA enpresarena dela eta bereziki, azken urteotan, eraman duen joku maltzurra.
Mankomunitateak, bestalde, argi erakutsi du, bere ardurapeko zerbitzuarekiko urruntasuna eta kontrol eza, bestela, ezinezkoa baita, egungo egoerara iristea.
Azkenik, ENBA nekazal sindikatuak, gaur egungo egoera larriari irtenbideren bat bilatzeko alde guztien aldetik erreakzio azkarra eskatzeaz gain, argi utzi nahi du, Tolosako hiltegiaren etorkizun planteamenduak egiterakoan, zerbitzua bertako abeltzainen beharretara dimentsionatu behar dela, eta ez, kanpoko mayoristen animaliak hil eta gure merkatuan , gure jeneroari konpetentzia egiteko azpiegitura diseinatuz.