EHNE eta ENBA nekazal sindikatuko ordezkariok elkarrekin prentsaurrekoa egin dugu Donostiako Koldo Mitxelenan gaur goizean, pasa den ostiralean, hilaren 13an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen batzordean Aranzadik egindako agerraldia baloratzeko.
Sindikatuen ustez, Aranzadiren agerraldian datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak plazaratu ziren. Ondorioz, onartezina den alarmismoa piztu zuen, etengabe aurreikusi gabe edo onartu gabe dauden bideak eta trazatuak onartuta baleude bezala aipatuz. Horregatik guztiagatik ez dugu ulertzen Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko.
Aranzadik, zoritxarrez, argi utzi zuen, bere ustean, abeltzaintza estentsiboak ez duela etorkizunik (2002an Eusko Legebiltzarrean aurreikuspen berdina egin zuen, eta zorionez, ez zuen asmatu) “Aralarren artzaintza desagertuko balitz ez litzateke deus ere gertatuko” bezalako adierazpenak eginez, eta honenbestez, Aralarko kudeaketa gaur egungo egoera kudeatzera mugatu beharko litzateke gaineratuz (artzain errolda, bordak, bideak, etb). Horrekin argi uzten du natur eremua kudeatzen duten abeltzainen etorkizun hobea ahalbidetzeko egin daitezkeen azpiegiturekiko duen kontrako jarrera.
Aranzadiren posizionamenduak ez du kontuan hartu, Aralar mendia Mankomunitatea osatzen duten hamabost udalena dela (herritarren ordezkariak dira, beraz) eta mendian lan egiten duten abeltzainen bizi baldintzak hobetzearen alde botoa eman zuela, Aldundiak proposatutako hitzarmenak ez baitzuen kontrako botorik jaso. Horrez gain, Aranzadik ez du kontuan hartu ezta ere, Gipuzkoako gizartearen ordezkaritza duten Batzar Nagusiek abenduaren 14an hartutako ebazpena non abeltzainek, natura babestu eta kudeatzen duten neurrian, gizarte osorako egiten duten onura aitortzen den eta bestalde, Mankomunitateak onartutako inbertsio plangintza babesten den, besteak beste, bideak jasotzen dituen plangintza.
Dena den, dena ez zen ezkorra izan eta positiboki baloratzen ditugu Pako Etxeberriaren hitzak: “Compartimos que cada pastor tenga un acceso decente hasta su chabola” Era berean, bi sindikatuok ordezkatzen ditugun abeltzainok Pako Etxeberriak esandakoarekin bat egin eta Natur Parkearen txostenak jasotzen duen helburu hau aintzat hartuta Aranzadiri koherentzia eskatzen diogu: “Aralarko Natur Parkean gauzatzen diren landa jarduerak mantendu eta garatzeko neurriak sustatu, hala nola, larretokiak sustatu, natur eta kultur balioak kontserbatzeko bide bezala”.
Beraz, abeltzainok bi presmisa ditugu: abeltzaintza estentsiboa natur eremuaren berme gisa aitortzea eta borda guztietara sarbide duinak izatea. Hain zuzen horrexegatik eskatzen diogu Aranzadiri errespeta dezala Enirio-Aralarko Mankomunitateak onartu eta Batzar Nagusiek babestutako 2015-2019rako Inbertsio Plangintza, bideaz gain beste gai asko barneratzen dituen plangintza baita.
Aranzadiren agerraldiak etsipena adierazi zuen, Aralarko abeltzaintza estentsiboak etorkizunik ez balu bezala aritu baitzen, eta abeltzainok ezin dugu eta ez dugu etsi nahi, Aralarren egiten dugun abeltzaintza estentsiboak etorkizuna duela sinesten dugulako eta etorkizun duina aldarrikatzen dugu. Izan ere, gure jarduerak gizarte osoari ekarpen ugari egiten baitizkio, maila paisajistikoan, ingurumenari dagokionean, maila ekonomikoan, baita kulturalean ere.
Donostia / 2017-01-16