instagramFacebookTwitter
   

Abeltzaintza sektoreak ezin du jasan animalien elikaduraren eta, bereziki, pentsuaren kostuaren igoera neurrigabea, mundu mailan funtzionatzen duen merkatu erabat espekulatiboan zerealen balioa handitu delako.

2020an, batez ere, txerri eta hegazti azienden pentsuak izan ziren igoerak izan zituztenak, baina azken sei hilabeteetan ikusi dugu igoera behi eta ardi azienden pentsuetan ere gertatu dela, bai haragitakoetakoek, bai esnetakoek erabiltzen dituztenetan. Igoera %20koa izan da, gutxi gorabehera, eta hazkunde horrek are gehiago areagotu du sektorearen egoera delikatua. Esnearen eta haragiaren prezioa ere jaitsi egin da, eta arazoak daude pasteroak eta errapeko txahalak kentzeko.

Mundu mailako pandemiaren egungo testuinguruan, mugikortasun mugek, ostalaritza eta jantoki kolektiboen itxierak eta abarrek ekarri dute elikagaien eskaria nabarmen handitzea distribuzioan, eta, horren ondorioz, kate horiek gorakada handia izan dute, bai fakturazioari dagokionez, bai etekinei dagokienez ere.

Paradoxa bat gertatzen da: fenomeno hori bera ez zaie ekoizleei helarazi, eta horiek ez dute isla positiborik izan emaitzen kontuan, inoiz baino elikagai gehiago saldu den arren. Distribuzioak industria eraldatzailea estutzen badu, horrek gauza bera egiten du abeltzainekin eta nekazariekin, ez baitute beren produktuen prezioa hobetu. Hori dela eta, abeltzaintza sektoretik industriari eta banaketari eskatzen diegu gure produktuengatik ordaintzen diguten prezioak eguneratzeko eta salmenta prezioak eguneratzeko (produktu erakargarri gisa erabiltzen diren kasuan), abeltzaintza sektorearen errentagarritasuna bermatuz horrela.

EHNEtik eta ENBAtik apustu egiten jarraitzen dugu, orain inoiz baino gehiago, Elikagai Katearen Legea behin betiko onar dadin, gardentasun handiagoa emateko, orekatzeko, katebegi guztiei errentagarritasuna emateko, gehiegizko jardunbideak galarazteko, ekoizpen-kostuak ezartzeko eta gure produktuak entregatzeko orduan kontratuak eskatzeko.

Azkenik, badakigu sektorea ezin dela koiunturazko laguntzen bidez mantendu, eta, beraz, arazoaren sustraietara doazen beste egiturazko neurri batzuk behar direla, besteak beste, mundu mailako espekulazio jardunbideak debekatzea.

Gainbegiradara harpidetu

Subscribe

Idatzi zeure izena eta helbide elektronikoa GAINBEGIRADA jasotzeko.

Twitter

Facebook

Instagram

Gora joan