instagramFacebookTwitter

Notiziak

Abeltzaintza sektoreak ezin du jasan animalien elikaduraren eta, bereziki, pentsuaren kostuaren igoera neurrigabea, mundu mailan funtzionatzen duen merkatu erabat espekulatiboan zerealen balioa handitu delako.

2020an, batez ere, txerri eta hegazti azienden pentsuak izan ziren igoerak izan zituztenak, baina azken sei hilabeteetan ikusi dugu igoera behi eta ardi azienden pentsuetan ere gertatu dela, bai haragitakoetakoek, bai esnetakoek erabiltzen dituztenetan. Igoera %20koa izan da, gutxi gorabehera, eta hazkunde horrek are gehiago areagotu du sektorearen egoera delikatua. Esnearen eta haragiaren prezioa ere jaitsi egin da, eta arazoak daude pasteroak eta errapeko txahalak kentzeko.

Mundu mailako pandemiaren egungo testuinguruan, mugikortasun mugek, ostalaritza eta jantoki kolektiboen itxierak eta abarrek ekarri dute elikagaien eskaria nabarmen handitzea distribuzioan, eta, horren ondorioz, kate horiek gorakada handia izan dute, bai fakturazioari dagokionez, bai etekinei dagokienez ere.

Paradoxa bat gertatzen da: fenomeno hori bera ez zaie ekoizleei helarazi, eta horiek ez dute isla positiborik izan emaitzen kontuan, inoiz baino elikagai gehiago saldu den arren. Distribuzioak industria eraldatzailea estutzen badu, horrek gauza bera egiten du abeltzainekin eta nekazariekin, ez baitute beren produktuen prezioa hobetu. Hori dela eta, abeltzaintza sektoretik industriari eta banaketari eskatzen diegu gure produktuengatik ordaintzen diguten prezioak eguneratzeko eta salmenta prezioak eguneratzeko (produktu erakargarri gisa erabiltzen diren kasuan), abeltzaintza sektorearen errentagarritasuna bermatuz horrela.

EHNEtik eta ENBAtik apustu egiten jarraitzen dugu, orain inoiz baino gehiago, Elikagai Katearen Legea behin betiko onar dadin, gardentasun handiagoa emateko, orekatzeko, katebegi guztiei errentagarritasuna emateko, gehiegizko jardunbideak galarazteko, ekoizpen-kostuak ezartzeko eta gure produktuak entregatzeko orduan kontratuak eskatzeko.

Azkenik, badakigu sektorea ezin dela koiunturazko laguntzen bidez mantendu, eta, beraz, arazoaren sustraietara doazen beste egiturazko neurri batzuk behar direla, besteak beste, mundu mailako espekulazio jardunbideak debekatzea.

Gaur goizean, ekainak 6, izandako Konzentrazioan plazaratutako adierazpena

Jon Zubizarretaren behia erahiltzean, Aralarko abeltzaintza erasotu nahi izan dute.

Asteartean, Ekainak 2, Aralarko mendian izandako gertaera beldurgarria eta penagarriaren berri izan genuen, alegia, behi bat tiroz jota akabatu dutela.

Aberea, Abaltzisketako Jon Zubizarretaren jabetzakoa zen eta Aralarko mendi inguruan gabiltzanok, ondo asko dakigu, Jon ez dela abeltzain bat gehiago, beregan elkartzen baitira Aralarko mendiaren aldeko pasioa, abeltzaintza eta abeltzainen aldeko defentsa sutsua eta bere herriaren aldeko konpromezua.

Beraz, tiroa jotzeko erabakia hartu zuenak, ondo asko zekien nora apuntatu, behia botatzearekin batera, jakitun zen, Aralarko mendia eta bertako abeltzainak mindu nahi zituela.

Gertakari tamalgarri honen aurrean, Aralarko Baserritarren elkarteak, ENBA-EHNE sindikatuok eta Abaltzisketako zinegotziok, elkarrekin, hauxe plazaratu nahi dugu:

- Irmoki gaitzesten dugu Aralarren zegoen behia tiroz akabatzea eta gure elkartasuna helarazi nahi diogu behiaren jabeari, hau da, Jon Zubizarretari.

- Ozen eta publikoki adierazi nahi dugu bestalde, behia tiroz akabatzea, Aralarko mendiko abeltzainen aurkako erasotzat hartzen dugula.

- Bestalde, Jon Zubizarretaren aberea hautatzean, argi dugu, Aralarko mendian dihardugun baserritarron bizimodu eta lan baldintzak duinak izateko diharduen jendea zigortu nahi dela, hori baita, baserritarron bizimodu eta lan baldintzak duinak, Jonek irudikatzen duena.

- Ekintza gaitzesteaz gain dei berezia egiten diogu Enirio-Aralar Mankomunitateari bere jabetzako mendian izandako ekintza penagarria gaitzetsi dezan, are gehiago, ikusirik, Jon, Abaltzisketako alkate den heinean, Mankomunitateko juntako partaidea dela. Bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitateko lursailetan gertatu denez, aberearen galeragatik abeltzaina konpentsazioa bere gain har dezala eskatzen dugu. 

 

Maiatzak 1a da Aralarko mendira ganadua igotzeko eguna eta azken urteotan, horren harira, Larraitzeko langa ondoan egin izan dugu ospakizuna, abeltzaintzak mendiari eta mendiak abeltzaintzari egiten dien onuraren berri gizarteari jakinarazteko.

Aurtengoan, tamalez, ez dago zer ospatu. Aralarrera igotzen diren abeltzainak gutxietsiak sentitzen bait dira Enirio-Aralar Mankomunitateko buruzagien aldetik bai Mankomunitateko mendian egin beharreko lanen lehentasuna ezartzerakoan, bai etorkizunerako ildoak finkatzerakoan.

Aralarko mendira igotzen diren abeltzainek, behin eta berriro utzi dute argi, beraien lehentasunak 3 direla: bideak, xehaketak, txabola eta inguruko inbertsioak (ura, itxiturak, askak, …).

Hau kontuan izanik eta azken asteotan, epaitegietan jarritako salaketen artxibatzeak ikusirik, ENBAren ustean, behar beharrezkoa da, mendiko irisgarritasuna eta lanerako baldintza duinak izateko gutxienekoa den azpiegitura, bideak alegia, Mankomunitateko lehentasunen artean ezartzea.

Haseran genion bezala, aurtengoan ez dugu ezer ospatzeko baina hala ere, abeltzainak mendiratuko dira, bai mendia, bai bere aziendaren onerako. Hori bai, festa eguna izan behar zukeen egunaz baliatu nahiko genuke, abeltzainen lehentasunak gogora ekartzeko eta Aralarko mendiaren etorkizunari bidea emateko elkarlana aldarrikatzeko.

ENBAk 2023-2027rako NPB-PAC BERRIAri buruzko hitzaldia - ON LINE antolatu du eta bertan arituko da hizlari lanetan ASAJAko nazioarteko gaietarako zuzendaria den Ignacio López García-Asenjo jauna. Bere hitzaldian PAC berriaren inguruko negoziaketen nondik-norakoa agertuko du, hala nola, PAC berriaren elementu nagusiak eta gaur egungo PACarekin alderatuta dituen berrikuntza nagusiak.

Hitzaldia Maiatzaren 20an ospatuko da, goizeko 11,30tatik eguerdiko 13,00 arte, ZOOM plataforma bitartez eta partehartzeko interesa duten guztiek aurrez, hilaren 18 baino lehen, izena eman beharko dute (943.650123 - Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. ) eta, izena eman ostean, beren helbide elektronikoan jasoko dute partehartzeko esteka.

Hitzaldiaren helburua baserritarrak, nekazariak zein abeltzainak, eta heuren elkarteak eta entitateak informatzea da eta lehen eskutik jaso dezatela 2023-2027 aldirako eraikitzen ari den PAC berriaren ildo nagusiak.

Hitzaldia, interesa duten pertsona guztiei IREKIA da.

 

Aralarko pistaren aurkako salaketa behin betiko artxibatu ostean, orain, epaitegi bideak utzi eta, abeltzainak eta abeltzaintza mendiaren kontserbazio politikaren erdigunean kokatzeko garaia da, ENBAren ustean 
Gipuzkoako ENBA nekazal sindikatuak bere poza agertu nahi du Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiak emandako autoaren aurrean. Autoan, Eguzkik eta Landarlanek Aralarren Saltarriko mangarainoko pista egiteko lanen aurka jarritako salaketa alboratu eta behin betiko artxibatu egiten du, egindako lanak lege barrunean egin zirelako eta naturaguneak babesteko indarrean dauden arau guztiak errespetatuz.
Autoaren arabera, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño, garai hartan Ingurumeneko zuzendari zen José Felix Asensio eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidente zen José Miguel Santamaría absolbituak izan dira.
ENBAtik, otsailen behin behineko autoaren aurrean egin genuen bezala, gure babesa eta eskerrona berretsi nahi diegu heuren erabakiekin mendiko abeltzainen bizimodua hobetzen jardun ziren agintariei, Aralarko abeltzainen bizimodua duintzea izan bait zuten bere jokabidearen helburu bakarra.
Azkenik, ENBAtik dei egiten diegu salaketak jarritako Landarlan eta Eguzki talde ekolojistei, abeltzainentzat lan eta bizi baldintzak duintzeko erabakiak epaitegi bitartez oztopa ez ditzaten eta ildo horretatik, Eniriotik Igaratzarako bidea egoikitzeko lanen aurkako salaketa berehala erretira dezaten.
Aspalditik esaten ari garen bezla, abeltzain jarduera da babestutako naturguneen zaintza eta mantenuaren berme nagusia eta hain zuzen horrexegatik, uste dugu bai talde kontserbazionistek epaitegi bideetatik bai Enirio-Aralar Mankomunitateak bere jardunarekin onartu beharrean daudela mendiaren aliatu hoberenak abeltzainak eta bere azienda direla.

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan