Aste honetan NBE Nazio batuen Erakundearen IPCC klima aldaketari buruzko gobernuarteko taldeak argitaratutako “Klima aldaketa eta Lurra” izeneko txostenak hautsak harrotu ditu bai komuunikabide bai kontsumitzaileen artean. Uda partean eman ohi den albiste lehortearekin batera gai garrantzitsu bezain konplikatu baten gehiegizko xinplifikazioak, gaia bere onetatik atera du eta gure gizartearen onerako diren konlusioak atera eta gogoeta bultzarazi beharrean, jendea alarmatu eta okelaren sektorearen aurkako informazio bezala saldu zaigu, zenbait kasutan bederen.
Honen aurrean, ENBA nekazal sindikatuak dei egiten die bai zenbait komunikabideri bai kontsumitzaileei, gaiari zor zaion ardurarekin hurbiltzeko, txostena bere sakontasunean aztertzeko eta azkenik, bere eguneroko bizimoduan baina batez ere, bere erosketak egiterako unean Klima Aldaketaren aurkako borrokarekin koherentea izan daitezela, Euskadin dugun nekazaritza jasangarria, famili ereduko eta mendikoak ezer gutxi bait du hainbeste gaitzesten diren nekazaritza ereduekin.
Beste behin diogu “kontsumitzaile bakoitzaren erosketa hautu bakoitzak nekazal politika” erabakitzeko baliogarri dela eta eskuartean dugun gaia ikusirik, beste horrenbeste esan dezakegu, kontsumitzaileak ingurumen politika sustatzeko eskuartean, erosketa bakoitzarekin, duen indarraz.
Baserri mundua eta hiriaren arteko zubigintza lanak egiteko asmoz, orain 5 urte, 2014 urtean, ENBA sindikatuak Gipuzkoako 8 baserrietako ateak zabaltzea erabaki zuen, etxeko ateak zabalduaz, ekoizle eta kontsumitzaileenganako harremana sendotu eta estutu nahiean, honenbestez, NIREA ekimenean atxikia da.
Aurtengoan, ONGI ETORRI BASERRIRA ekimenaren seigarren edizioarekin gatoz, gure jakien jatorria berraurkitzeko eta beren ingurune naturalean, mahaiean dastatzen ditugun elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak ezagutzeko aukera ezinhobea eskeiniz.
Uztailak 5 eta 6an, Gipuzkoa eta Bizkaiko 36 baserritarrek heuren baserrietako ateak zabalduko dituzte beren ikuiluak, baratzak eta landaguneak ezagutzera emateko.
ONGI ETORRI BASERRIRA ekimena, antolatzailea den sindikatuaren ustean, bertako elikagaien aldeko apustu garbia da, landaguneari balorea emateko, barnekaldeko zonaldetako turismoa sustatzeko eta nola ez, gure herri gastronomia goratzeko.
Familian edo lagunartean egiteko bisita zoragarriak jartzen dugu denon esku.
Hona hemen baserrien zerrenda eta informazio osoa.
Aralarko mendi larretokien etorkizunerako sekulako garrantzia dute Maiatzaren 26an ospatuko diren hauteskundeetatik aterako diren bai udaletxeak bai Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia.
Hiru erakundeek (udala, Batzar Nagusiak eta Aldundia) zeresan haundia dute Aralarko etorkizuna markatzen duten bai Enirio-Aralar Mankomunitatean bai Aralarko Natur Parkearen patronatuan.
Honenbestez, iruditzen zaigu ENBAren izaera eta helburu nagusiekin bat datorrela, Aralarko etorkizuna markatzen duten erakunde eta entitate hauen ildoa eta norabidea gertutik jarraitzea eta ahal den neurrian, abeltzainen alde lanegingo duen jendea eta alderdi politikoak lehenestea.
Bestalde, Enirio-Aralar Mankomunitateak 2015-2019 kudeaketa plana onartu zuen gehiengoz eta kontrako bozkarik gabe baina egun, oztopo eta arazo ugari tarteko, plangintza erabat gauzatu gabe dago eta 2016an onartutakoa gauzatuko denik zalantza ugari somatzen ditugu.
Azkenik, LANDARLAN ingurumen elkarteak zabaldu eta Mankomunitatean erregistratu duen 18 neurritako “Aralarko Natur Parkearen goialdeko larre eta basoen kudeaketa jasangarrirako proposamena” txostenak, berriro ere atzera pausu nabarmena suposa dezake eta lantalde bat eratuz eta amaigabeko gogoeta baten medioz, Aralarko abeltzainek behar dituzten inbertsioak atzeratzeko aitzaki zoragarria.
Hori dela eta, ENBAk dei berezia eta publikoa egiten die Enirio-Aralarko Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietan aurkezten diren hautagaitza guztiei (nahiz alderdi politikoak nahiz independienteak) 2016ko abenduaren 22an onartu zen Kudeaketa Plana bere osotasunean babestu eta bere horretan lehenbaitlehen gauzatzeko konpromezua publikoa eta garbia azaldu dezaten.
Amaitzeko, ENBA bezala gure abeltzainei eta beren famili eta ingurukoei eskatuko diegu, Maiatzaren 26ko udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, soil soilik Enirio-Aralarko Kudeaketa Planarekin konpromezu garbia eta tinkoa agertzen dutenen alde bozka egin dezatela.
2019-05-15
Gaur goizean, Ekainak 12, ENBA nekazal elkartea Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Inguruneko ordezkariekin batzartu da, berez gai ugari tratatzeko zen batzarra eta besteak beste, ehizaren kudeaketa eta lehen sektorearengan duen eragina aztertu duena.
Hainbat komunikabidetan sortu den espektatiba ikusirik, gure balorazioa publikoa egin nahi dugu.
- ENBAtik Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi diogu basanimaliek, basurde eta orkatzek batez ere, gure belardi eta artasoroetan eragindako kalteengatik gure haserrea eta kezka, are gehiago, azken hamarkadetan hainbeste landu den azienda osasuna arriskuan jotzen dugulako basurdeak gaitz transmisore ezinhobeak diren momentutik.
- ENBAtik Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi diogu gure larritasuna Gipuzkoako Ehiza Federazioak, Aldundiarekin Ehiza Larriaren Hitzarmena sinatze faltaren argudiatuz sustatutako grebaren aurrean eta baserritarrok basurdeen kalte aurrean sentitzen dugun babesa eza.
- Foru Aldunditik adierazi zaigu Federazioak Martxotik duela hitzarmen proposamena mahaigainean eta ez duela erantzunik jaso ez eta desadostasun puntuak zeintzu diren. Era berean azaldu zaigu, Ehiza Larriaren Hitzarmena sinatu gabe izan arren, heurek Gipuzkoako ehizaren kudeaketa arautzen duen Hitzarmen Orokorrean aurrikusitako dirupartida osoa ordaindu zaiola Ehiza Federazioari.
- Horrexegatik, baserritarrok, basanimalien kaltedun nagusiak izanik eta heuren arteko gatazkaren erdian harrapatuta sentitzen garenez, Gipuzkoako Foru Aldundiari luzatu diogu aztertu dezala Gipuzkoako Lurraldean ehiza kudeatzeko indarrean dugun legedia eta azter ditzala, mahai gainean egon daitezkeen aukera guztiak kudeaketa eraginkorragoa lortzearren, bereziki, ehiza larriari dagokionean.
Gaur Maiatzak 6, Eusko Legebiltzarrean izan gara Otsoaren katalogazioaren aurkako agerraldi batean. Agerraldian ENBAko juntakidea den Inma Iriondo artzaina eta Xabier Iraola koordinatzaileak izan dira. Biek argi utzi dute, abelzaintza estentsiboa eta otsoak ez direla bateragarriak eta honenbestez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Katalogotik kanpo uz dezatela.
ENBAren esanetan, txosten zientifikoek aitortzen duten bezala otsoa, espezie bezala, ez dago desagertzeko arriskupean Iberiar Penintsual bere populazioa %20ean igo delako eta bere hedapen geografikoa %500ean.
Otsoaren zabalkundeak mendiko abelzaintza estentsiboan egiten den manejua aldatzea dakar eta horrekin batera, abelzaintza intentsiboaren aldeko apustua. Intentsiboak exijitzen duen produktibitatea kontuan izan gure bertako arraza den latxa oso eskaxa dugu eta honenbestez, kanpoko arrazen aldeko apustua da otsoaren aldeko apustuak eta bide batez, Idiazabal gaztaren desagerpena.