Gaur, abenduak 21, Hernaniko Oronan ospatu da, ehun pertsona bildu direlarik, “Euskadiko esne sektorea ikuspunti ezberdinetatik” izeneko Ihardunaldia, ENBAk antolatuta eta babesle nagusia LABORAL KUTXA izanik eta KAIKU Korporazioa eta ABEREKIN laguntzaile gisara. Ihardunaldiaren irekiera ENBAko presidentea den Iñaki Goenagak egin du eta berak esne sektorerako etorkizuna oparoa aurreikusi du baina horretarako, gure gazteak heziko dituen Esne Eskola aldarrikatu du, belaunaldi transmisioa erraztuko duen legedia eta azkenik, ustialekutan jende gehiago sartuz gazteentzat gizarte eta familia kontziliazioa posible egingo duen errentagarritasuna haundiagoa.Iñaki Goenagaren atzetik, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordea den Bittor Oroz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua den Ainhoa Aizpuruk hartu dute parte.
Irekiera atala amaitzean, Carlos Buxade katedradunak hartu du hitza eta berak mahaigaineratu du zer nolako garrantzia duen mundu mailako gaiek eta materia primen espekulazioak bertako merkatuarengan. Ondoren, LURSAIL gestio etxe elkarteko Imanol Arrietak hartu du parte, ekoizleen kudeaketa tekniko-ekonomikoaren datu ugari emanaz eta azalduz, egungo ustialekuak errentagarriak direla baina nahiko ahulak.
Baserriko giza baliabideak eta eskulanaren gero eta garrantzitsuagoak dira esne sektorean eta hori izan da Galizako Yolanda Trillo adituak tratatutakoa. Bere esanetan ustialekuan ezinbestekoa da liderazgoa ezartzea eta lan metodoa argia finkatzea, beti ere, argi izanik, behiak zoriontsuak izateko ezinbestekoa dela abeltzainak eta langileak zoriontsuak izatea.
Bestalde, KAIKU Korporazioko Xabier Aristi jardun da esnea eta esnekien kontsumoaren bilakaerari buruz eta etorkizunerako aurreikusten diren tendentziaz, bere ustean, esneak eta esnekiek etorkizuna oparoa dute, kontsumitzaileen lehentasun berriekin lerrokatuak daudelako.Aristiren atzetik, EHUKO irakasleta eta Euskadiko Nutrizionisten Kolegioko presidentea den Bittor Rodriguez aritu da eta gure elikadurarako duen garrantzia azpimarratu du. Bere ustean, esnea eta bere gantzaren inguruan paradigma aldaketa bat ematen ari da eta honenbestez, aukeraz baliatu beharra dugu kontsumoaren beherakadari aurre egiteko.
Azkenik, Ihardunaldia borobiltzeko optimismoa zabalduz eta esne sektorearen etorkizunaren aldeko apustua garbia azalduz hiru gazteekin osatutako mahaia izan dugu, Zumaiako Aritz Eizagirre, Zizurkilgo Ainhoa Labaka eta Aramaioko Iñigo Lauzirika eta hauekin batera, GAZTE ENPRESAko ekintzailetasun aholkularia den Marisa Trueba izan da. Hiru gaztek esne sektorearen alde egindako apustuaren motibazioa azaldu dute eta beren ustean, etorkizuna hobeagoa lortzeko klabeak mahaigaineratu dituzte.
Aurkezpenak:
ENBA nekazal elkarteak “Euskadiko esne sektorea ikuspuntu ezberdinetatik” izeneko Esne Ihardunaldia ospatuko du Abenduaren 21ean Hernanin ORONAren egoitzan.
Esne Ihardunaldiaren helburua esne sektorea osoarentzat (abeltzainak, kooperatibak, industria eta banatzaileak) informazio eta eztabaida gunea eratzea da eta honenbestez, esne kateko partaide eta eragile guztientzat irekia da, kontsumitzaileentzat ere bai.
Ihardunaldian zehar hainbat atal jorratuko dira, hala nola, esne merkatuaren egoera Carlos Buxadé katedratikoaren eskutik, esne ustialekutako errentagarritasunaren bilakaera LURSAIL gestio-etxeen eskutik, ustialekutako giza eta lan faktorea Yolanda Trillo adituaren eskutik, esne eta esnekien kontsumoa eta kontsumitzaileen eskakizun berriak Xabier Aristiren eskutik, esnearen inguruko mito faltsuen aurrean abeltzainak ahalduntzea EHU-UPVko ikertzailea den Bittor Rodríguezen eskutik, esne ekoizpenean hasiak edo hasteko dauden 4 gazteen mahaingurua eta azkenik, ihardunaldia errematatzeko, bertaratuak diren guztientzat luntxa izango dugu.
Ihardunaladia Abenduaren 21ean goizez ospatuko da (09,15-14,30) Hernaniko ORONA IDEO egoitzan eta bertara joateko interesa duten gzutiek, aurrez, abenduaren 18 arte dute izena emateko epea ENBAko webgunean bertan.
Esne Ihardunaldia ENBA nekazal elkarteak antolatzen du eta bere babesle nagusia LABORAL KUTXA da eta laguntzaile gisara, ABEREKIN eta KAIKU Korporazioa ditugu.
ENBA nekazal elkarteak Arakauten izan den Euskadiko Elikaduraren eta Egurarren balio katearen laneko segurtasun eta osasunerako estrategia sektorialaren aurkezpenean hartu du parte. Ekitaldian Nekazaritza eta Lan sailburuordeak izan dira, Bittor Oroz eta Jon Azkue, eta beraiek izan dira administrazioa eta lehen sektoreak elkarlanean jorratutako estrategiaren berri eman dutenak, beti ere, sektorean diharduen jendearen osasuna eta segurtasuna bermatze aldera.
Ekitaldian zehar, aurreko edizioetan lan egin duten pertsona eta elkartek eginikoa aitortu da publikoki, besteak beste, ENBAk lan arrisku prebentzioan egindakoa.
Gipuzkoako ENBA eta EHNE sindikatuok, azaroaren 12an Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak egindako prentsaurrekoan esandakoak erantzun nahi ditugu eta hauxe da, bai Basozainen Elkarteari bai Gipuzkoako gizarteari esan nahi dioguna:
Artzainek egindako adierazpenetan emandako argumentuak erantzun beharrean, Gipuzkoako Basozainen Elkarteak gaia desbideratzea eta desenfokatzea izan du helburu eta behin eta berriro, orain 4 urte Azkoitin ahuntz batzukin izandako aferean zentratu dira.
Horrelako prentsaurrekoan mahaigainean jarritako gaiari heldu eta erantzunak ematen bazegokien ere, iheska atera ziren, mahaigainean ez zegoen beste gaiaekin. Beraiek jakingo dute zeintzu diren benetako arrazoiak despiste jokuan erortzeko.
Gipuzkoako Basozainen Elkarteak behin eta berriro dio beraiek Aldundiko langile izanik, goiko arduradunen aginduak bete eta indarrean dagoen legedia betearaztea besterik ez dagokiela eta hainz zuzen ere, hortxe dago, abeltzainen sektoretik mahaigaineratutako salaketa nagusia, egun indarrean dagoen legediarekin (2006ko Mendi Foru Araudiarekin eta Jaurlaritzako legediarekin) posible dela, lehen lehenik, txakurrak mendian aske ibiltzea debekatzea eta bigarrenik, kontrolik gabeko txakurrak hiltzea.
Gipuzkoako Basozainen Elkarteak goikoen agindu ezarekin estali nahi dute beren utzikeria baina argi geratu da, arauak profesionalki betearazteko baino Aldundiko mendi eta baso politikaren aurreko kontrapoder gisara jokatzen dutela, horren adibide, pinuaren gaitzaren inguruko adierazpenak.
Gipuzkoako Basozainen Elkartea, artzaiak eta nekazal sindikatuen aurkako prentsaurrekoaz baliatu da, Aldundiko lan harreman arazoak eta funtzionario gisara duten problematika azalaratzeko eta nola ez, Aldundiko egungo ildoa erasotzeko. Honen aurrean, argi diogu, etxe barruko arazoak etxe barruan konpon ditzatela baina sektorea zipriztindu eta kakaztu gabe.
Bestalde, ez genuke Basozainen Elkarteak mahaigaineratutako salaketa erantzun gabe utzi nahi eta Azkoitiko ahuntzen aferari dagokionean, argi asko diogu, nekazal sindikatuok baserritarren interesak defendatu asmoz, eta ez beraiek dioten interesa politikoak, epaitegietara jotzea erabaki genuela eta fiskalak delitu zantzuak ikusi eta nabarmen utzi arren, ahuntzak identifikatuak zeudela eta basozainek ez zutela prozedimendua ondo bete, aitortu beharrean gaude, epailak artxibatzea erabaki zuela, ez basozainak gauzak ondo egin zituelako baizik eta, bide penaletik (bide administratibotik jo beharrean) garrantzirik gabeko gauza zelako. Beraz, gauzak argi.
Azkenik, argi eta ozen esaten diegu Gipuzkoako Basozainen Elkartea osatzen dutenei, basozainak gure ondoan nahi ditugula, herri langile diren heinean, besteak beste, baserritarron interesak eta lana erraztuz eta ez ohikoa den bezala, traba besterik ez jartzen.
ENBA nekazal elkarteak “ENIRIO ETA IGARATZA TXABOLEN ARTEKO BIDEAREN EGOKITZAPENA IBILGAILU MOTORDUNENTZAT EGOKITZEKO” proiektuaren alde bozkatu eta lanegindako arduradun politikoak babesteko mozioa aurkeztu du Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten 15 udalerrietan
2016ko Abenduaren 14an Gipuzkoako Batzar Nagusiek Aralarko Artzain eta Abeltzainen duintasuinaren aldeko ebazpena onartu zuten. Bertan Enirio Aralarko Mankomunitatetak Zuzendaritza Batzordean onartutako Inbertsio Beharren Plana babestu zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Inbertsio Beharren Plana etenik gabe gauzatu ahal izateko, beharrezkoak diren baliabide tekniko zein ekonomikoak bideratu zitzala eskatzen zitzaion.
Enirio eta Igaratza txabolen arteko bidearen egokitzapena Inbertsio Beharren Planaren zerrendan jasotako proiektu bat izanik, Enirio Aralarko Mankomunitateak sustatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendu du.
Proiektu hau 2018ko irailean mendian gauzatzen hasi denean auzibidean jarria izan da. Horren ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldunditik baimena bideratu duten ordezkari politikoak zein Mankomunitatean aldeko bozka eman duten ordezkari politikoak auzibidean jarriak izan dira eta ENBAk, mozio honen bitartez, baserritarron elkartasuna eta babesa helarazi nahi die, proiektuaren alde egindako arduradun politikoentzat errespetua eskatuz eta heuren aurkako jazarpen publikoa eta mediatikoa gaitzetsi.