instagramFacebookTwitter

Notiziak

Euskadiko Nekazarien Batasunak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak jendaurrean ipinitako Otsoaren kudeaketa planaren aurrean aurkeztutako txostenean, planaren tramitazioa gelditzea eskatzen du.

Otsoen populazioa nabarmen hedatzen eta handitzen ari den egoera globalean, ENBAren ustean, zentzuzkoena otsoen babes-kalifikazioaren balizko berrikuspena Europan zein Estatuan ebatzi arte itxarotea da eta bide batez, mahaigainean dagoen dokumentua, goitik behera berregitea, natur baliabidek zaintzen eta lurraldea kudeatzen duten abeltzainen ogibidea eta bizibidea dokumentuaren erdigunean jarriz.

Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa planak, abeltzainari otsoaren erasoen kaltetu izaera ukatzen dio eta zentzu berean, erabateko enpatia falta agertzen du abeltzaintzarekiko bai otsoak eragindako kalteak gutxiestean bai balizko irtenbideetan proposamen lausoak eta hipotetikoak ezarriz eta aldiz, abeltzainek betebeharrekoetan, oso hizkuntza zehatza eta zigortzailea azalduz.

Esan bezala, otsoaren kudeaketa planean aurkezten diren alternatibak (txakur zaindariak, itxiturak, bolondres eta laguntzaileak, kalitate zigiluak, etb.) aplikaezinak dira gu bezalako mendi abeltzaintzan eta are gutxiago, gure mendiak zeharo humanizatuak daudenean.

Hau dena kontuan izanda, eta atxikita doakizuen alegazio dokumentuan zehatzago ikus dezakezuen bezala, ENBA sindikatuak, Eusko Jaurlaritzak otsoaren kudeaketa planaren tramitazioa etetea eskatzen du eta bitartean, dokumentuko diagnostikoa ezabatzea, otsoaren hedapenak bai mendiko larretokien habitat, arriskupean dauden abere espezietan bai abeltzainen bizi kalitatean izan eta izango duen eragina berraztertuz eta horrekin batera, otsoak eragindako kalteen konpentsazioa integrala eta azkenik, otsoak erauzteko programa abian jartzea.

 

*OHARRA: Honekin batera doakizue, Eusko Jaurlaritzara bidalitako alegazio dokumentua.

Pasa den ostiralean, Urriak 18, Aralarko artzain baten autoa lau gurpilak zulatuta azaldu zen aparkatuta zegoen tokian, Ordizian.

Ez da artzain honi horrelako ekintzak jasatea tokatzen zaion aurreneko aldia, ezta bigarren edo hirugarren aldia ere. Hori bai, inongo erakundeetatik ez da sekulan honen aurka egindako ekintzarik kondenatu. Hau al da Aralarren alde dena eman duen artzain batek merezi duena?

Ekintza hau egin duenak edo egin dutenek, Errekabeltzen udan gertatu zenarekin lotzeagatik egingo zuten ziur aski. Jakin beza Goierriko gizarteak artzain honek eta bera bezelakoek horrelako ekintzen beharrik ez dutela beraien aldarrikapenak egiteko.

Azken urteetan Enirio-Aralar Mankomunitateak artzai eta ganaduzaleen aldeko lanik egin ez duenean, abeltzainen aldetik ez da egon inolako saboitairik. Zentzurik ba al du orain abeltzainen aldetik horrelako kontu zikinetan sartzeak, Mankomunitatea eta Aldundiaren arteko akordioa dela eta inbertsioak egiten hasi direnean mendian? Hau egin duenak zer ulertarazi nahi dio Goierriko gizarteari? Errekabeltzeko sabotaiaren ondoren bere ordaina jaso duela?

ENBAk hipotesi bezala ere baztertu egiten du, Errekabeltzeko ekintza abeltzain baten lana izan daitekeenik. Garbi dugu artzainei errua botatzeko egindako ekintza bat izan zela, hastear zeuden lanak geratu asmoz. Oiduegiko soziedadea erre zenean bezalaxe, gertakariak oso antzekoak izan dira.

Guzti honen atzean mendian artzai eta ganaduzaleen aldeko inbertsioak ez egiteko giro txarra sortzea dago helburu bezala eta Aralarko artzain eta ganaduzaleen izen ona zikintzea.

Horregatik, ENBAk bereziki Goierriko gizarteari eskatzen dio behingoz ausardiaz artzain eta ganaduzaleen alde egin dezala, artzainen eskakizunak babes ditzala eta kondenatu dezala artzai honek jasan behar izan duen enegarren sabotaia. Joko zikinean dabiltzan esku beltzak bakarrik utzi arte.

ENBAk bere babes osoa adierazten dio kaltetua izan den artzainari.

ENBAk gero eta gogo gehiagoz lanean jarraituko du Aralarren alde, abeltzantzaren alde, elikagaiak sortuz eta paisaia zainduz, gizarteak goza dezan.

Aralarren, Urriaren 26an.

Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Planak otsoa lurralde osora hedatzea sustatzen du eta mendiko abeltzaintza alboratu egiten du

Abeltzaintzaren aurkako erasoak arintzeko neurriak itxurakeria besterik ez dira

Euskadi, 24/9/19.-Atzo argitaratu zen EHAAn Euskal Autonomia Erkidegoan otsoa kudeatzeko plana jendaurrean jartzeko ebazpena. Euskal nekazal eta abeltzain sindikatuok uste dugu, dokumentuaren azterketa sakonago baten faltan, plan honek berriro ere alboratzen duela mendiko abeltzaintza, sakoneko arazoari heltzea saihestuz eta sektore horri laguntzeko egitura-neurriak ezartzeari uko eginez, azken ondorioek arriskuan jartzen dituzte bai abeltzaintzaren eta gaztaren sektore osoa, ardi latxan oinarritua, bai larre menditarren habitatak, Europako araudiek babestu eta sustatu behar dituztenak. Mingarria da aurreko gobernu taldearekin bilera ugari egin eta lehen sektoreko erakundeek egindako ekarpenak kontuan hartu ez izana.

Aurkeztutako dokumentua aztertuta, alderdirik larrienetako bat otsoaren populazioa handitzen, eta lurraldean hedatzen laguntzeko Planaren asmoa da, animalia horien mugimenduak ahalbidetuz, espeziearentzat egokiak diren fauna-pasabideak jarriz.

Otsoaren kontserbazio-egoeraren azterketari dagokionez, dokumentuak dio “otsoaren harraparitzak eragindako abelburuen kopurua oso txikia dela abeltzaintzako erroldarekin alderatuta”, eta argudiatzen du Arabako eta Bizkaiko abeltzaintzako ustiategien % 5 baino ez dagoela kaltetuta. Deigarria eta bidegabea da kalkulu horietarako lurralde horietako ustialeku guztiak kontuan hartzea, erasoak eskualde oso zehatz batzuetan pilatzen direnean. Sindikatuon iritziz, dokumentuak norberari tranpak egiten dizkio, eta ez du jasotzen benetako eragina, ez eremu espezifikoetan, ezta erasoek lurraldearen kontserbazioan zein landa bizitzarako dituzten ondorioak ere.

Kalteak ekiditeko neurriei dagokienez, orain arte ezarritakoez gain, laguntzeko giza taldeak sortzea aurreikusten da, bai profesionalak, bai boluntarioak. Lehen sektorea sektore profesionala da, eta egiturazko neurri serioak behar ditu, ez boluntarioen esku geratzea. Mastin txakurrek artaldeen defentsan egiten duten lana nabarmentzea irtenbide magiko gisa, errealitateak erakutsi digunean mastinek, konponbidea baino gehiago, arazoak areagotu ditzaketela euskaldunak bezain gizatiartuak dauden mendietan, mendizale, pasealari, txirrindulari, mendiko runner eta abarren populazio gero eta ugariagoarekin elkarbizitza zaila dutelako.

Zeregin horietako batzuei dagokienez, hala nola, erasoen ondoren abereen egoera egiaztatzea, prebentzio-mekanismoak egiaztatzea edo aditu-ikuskapenetan laguntzea, ez da laguntza berezirik behar, abeltzainok egunero egiten dugun lana baita. Gainera, proposatzen diren planen zati bat, artzaintzarako laguntza profesionala, adibidez, abeltzainok ordaindu behar dugu. Ez da nahikoa kalteak jasatea eta otsoaren inposizioa jasan behar izatea; jarduera horien kostuak ere gure gain hartu behar ditugu.

Euskadiko ENBA nekazaritza eta abeltzaintzako erakundeak salatu duenez, euskal erakundeek lehen sektorearekin hartu zituzten konpromezuen dekalogoa paper bustian geratu da.
Gaur, urriak 14, 8 hilabete bete dira herrialdeko nekazaritza-agintari gorenek dekalogo instituzionala aurkeztu zutenetik, eta gaur esan dezalegu, tamalez, bertan jasotako neurri gehienak martxan jarri gabe daudela, ezta abiatu gabe ere.

Zortzi hilabete hauetan, tarteko hauteskunde autonomikoak eta udako geldialdia izan direlarik, gure baserritarrak itotzen dituen burokrazia murriztu eta sinplifikatzeko ez da inolako lanik egin, ez eta landa-koaderno digitalari dagokionez ere. Elikagai-kateari dagokionez, ez dira bertan jasotako konpromezuak aktibatu, hala nola jarraipen-batzorde bat sortzea eta ustiategien errentagarritasunari buruzko aldizkako txostenak eta bestalde, ez dugu aurrerapenik ikusten nekazaritza-lurren gaian.

Fauna basatiari dagokionez, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako sailburuak otsoa LESPRE zerrendatik kanpo uzteko egindako eskaera positibotzat jotzen dugu, nahiz eta, kontraesanen eredu gisara,gobernu bereko beste sail batek otsoa kudeatzeko planaren tramitazioan aurrera egin duen eta fauna basatiak eragindako kalteen ebaluazio integralerako lanak ere ez diren hasi.

Ez dakigu inolako lanik egin den Nekazaritza Familiarraren Legea ez eta, laguntzen moduluen berrikuspena bultzatzeko. Nekazaritzako aseguruei dagokienez ez da Nekazaritzako Aseguruen Mahaia sortu eta ez da handitu nekazaritzako aseguruen finantza-laguntza.
Bestalde, aitortu beharrean gaude, foru-eremuan lehen sektoreko zerga-planteamenduek harrera ona izan dutela, baina, azkenean zerga-erreformaren dokumentuetan eta araudietan islatzen den ala ez ikusi arte itxaron beharko dugu.

Azkenik, ez dugu aurrerabiderik ikusten, gobernantza iraunkorreko eredua egituratzen duen forotzat jotzen den Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako eta Landa Garapeneko Batzordea finkatzeari dagokionez.

Horregatik, ENBAk, duela 8 hilabete Lakuan aurkeztutako erakunde arteko Dekalogoaren impassa salatzeaz gain, lanerako eta gure ekarpenak egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu. Hori dela eta, lantalde bat berehala martxan jartzea eskatzen dugu, non nekazaritza-sektoreak bere osotasunean eta euskal erakundeek parte hartuko duten, sektoreak behar dituen neurriak aktibatzeko helburuarekin.

Gaur goizean ENBA sindikatua, Bizkaiko eta Gipuzkoako presidenteak tarteko, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarekin bildu da eskuartean zituzten hainbat gai jorratzeko. 

Eusko Jaurlaritza eta lehen sektorearen arteko interlokuzioa hobetu eta sakontzeko bidean, Nekazal Politikako kontseilua biziberritzea eta baserritarren mobilizazioen ostean, euskal erakunde artean adostutako dekalogoaren jarraipen batzordea eratzea landu dute.

Bestalde, sektorea gaztetzeko estrategia eta familia nekazaritza indartzeko araudiak, elikagaien katearen legean sakontzea, distribuzioak bertoko ekoizpenei ematen dien tratamendua hobetzeko bidea (gehiegizko marjenak, deskontuak, rapelak, ...) otsoaren babesa malgutzeko beharra, energia berriztagarrien hedapenaren aurrean nekazal lurrak babesteko plangintza eta azpisektore ezberdinetako plan sektorialak abian jartzeaz hitzegin dute.

 

Euskalmetlogo Lactologicologo Nekagip Sistema de Identificación Geográfica de Parcelas Agrícolas, SIGPAClogo PagoUnicologo AsuntosEuropeos
Gora joan